Ekonomia -

DSBE-ren legea

Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren lege berriak indarkeria matxistaren 600 biktima baino gehiago babestu ditu

Urtebete da araudi berria indarrean sartu zela. Lege berriarekin, indarkeria matxistaren biktimek ez dute hiru urteko gutxieneko erroldaren baldintza bete behar, eta hala, igo egin da babestutakoen andrazkoen kopurua.

6.500 lagun baino gehiago atera dira sistematik, "enpleguaren bilakaera bikainari" esker. Irekia
Lanbideren bulego bat Zallan.
6.500 lagun baino gehiago atera dira sistematik, "enpleguaren bilakaera bikainari" esker. Irekia

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Indarkeria matxistaren 600 biktima baino gehiagok lortu dute, azken urtean, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) jasotzea, euren erasotzaileengandik urrun bizitzeko aukerari helduta, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak emandako datuen arabera. 

Duela urtebete pasatxo, iazko martxoaren 29an, sartu zen indarrean Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren Legea. Araudiak genero indarkeria, salerosketa eta sexu esplotazioaren biktimentzako baldintzak malgutu zituen (jada ez dute gutxienez hiru urteko errolda agiria aurkeztu behar), eta ondorioz, hazi egin da babestutako andrazkoen kopurua. 

Legeak indarrean eman dituen lehen 12 hilabete hauetan, tratu txarren 513 biktima bildu dira laguntzen sistemara. Emakumeoi bi baldintza baino ez zaie eskatzen: EAEko udalerriren batean erroldatuta egotea (gutxieneko eperik eskatu gabe) eta biktima izatea. Horiei guztiei honakoak batu zaizkie: etxeko indarkeriaren 53 biktima, gizakien salerosketaren 13 biktima eta sexu esplotazioaren sei biktima. 

Horrez gain, eredu berriarekin zaurgarritasun egoera ezberdinetan zeuden beste hainbat pertsona babestea lortu dute. Hala nola, adingabeak babesteko sistemetatik etorritako 224 pertsonari, 503 errefuxiaturi, aldi baterako babesa jaso duten 229ri, erbesteratu behar izan zuten eta Euskadira itzuli diren terrorismoaren zazpi biktimari eta kanpoan dauden euskal kolektibitatetik etorritako beste lauri.

Laguntza sistematik atera direnak, sartu direnak baino gehiago

Legearen lehen urte osoaren itxieran, 57.941 espediente aktibo zeuden, hots, 2023ko apirilean baino 6.427 gehiago. Dena dela, Hala ere, guztira 12.965 emakida berri izan dira.

Idoia Mendiak zuzentzen duen Sailak azaldu duenez, lehen babesten ez ziren edo atzerapen handiagoarekin egiten ziren egoera ahuleko talde batzuetara iritsi diren arren, gehiago direla sistematik irtetea lortu duten pertsonak (6.538). Hori, Sailaren arabera, "enpleguaren bilakaera bikaina"ri esker izan da, "maximo historikoetan" baitago. 

Martxoan, DSBEren 15.457 titularrek adingabeak zituzten ardurapean, eta horietatik 8.331 guraso bakarreko unitateak ziren, gehienak emakumeak.

Desgaitasun mailaren bat duten 3.459 pertsonak jasotzen zuten DSBE, eta indarkeria mota ezberdinen 2.273 biktimak zuten babesa.

Azkenik, diru-sarrerak DSBE laguntza honekin osatzen dituzten pentsiodunen kopurua 14.951koa da, iaz baino 1.993 gehiago. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizarte zerbitzuak Lana Gizartea Ekonomia berriak Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak DSBE Matxismoa Feminismoa Dirulaguntzak