Ekonomia -
Afiliazio datuak
EAEk 1.091 atzerritar gehiago zenbatu ditu martxoan Gizarte Segurantzan afiliatuta; Nafarroak 232 galdu ditu
Iazko martxoarekin alderatuta, baina, bi erkidegoek izan dute bilakaera positiboa, eta % 9 (EAE) eta % 6,5 (Nafarroa) igo da ordutik afiliatutako atzerritarren kopurua.
Agentziak | EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 1.091 atzerritar gehiago zeuden afiliatuta Gizarte Segurantzan martxoan, otsailean baino % 1,9 gehiago. Nafarroan, aldiz, kontrako joera atzeman da, 232 afiliatu atzerritar gutxiago baititu (% -0,65).
Espainiako Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazioen Ministerioak afiliazio datuak eman ditu gaur. Urte arteko bilakaerari dagokionez, bi erkidegoek izan dituzte igoerak: 7.676 gehiago EAEren kasuan (% 9,03ko igoera) eta 2.183 gehiago Nafarroan (% 6,52), betiere iazko martxoarekin alderatuta.
Hala, lehen hiruhilekoaren amaieran, 92.693 atzerritar zeuden afiliatuta EAEn, eta 35.670, Nafarroan.
Erregimenen arabera sailkatuta, gehienak (% 80) Erregimen Orokorrean daude, eta bigarren talde ugariena (% 16-18) autonomoak dira, eta etxeko langileak, hirugarren.
Afiliatutako atzerritar gehienak gizonezkoak dira bi erkidegoetan (51.288, EAEn eta 20.793, Nafarroan). Emakumeak 41.405 dira EAEn, eta 14.877, Nafarroan.
Jatorriari dagokionez, gehienak Europakoak ez diren herrialdeetakoak dira, eta ugarienak Errumania, Txina eta Marokoak. Europar Batasunetik etorritako langileei dagokienez, portugaldarrak, italiarrak eta alemaniarrak dira ugarienak.
Espainiako datuei erreparatuta, Gizarte Segurantzak 62.573 afiliatu atzerritar irabazi ditu martxoan, aurreko hilabetean baino % 2,3 gehiago. Lehen hiruhilekoaren itxieran, 2,7 milioi atzerritar daude afiliatuta Estatuan, inoizko kopuru handiena.