Krisi Ekonomikoa -
EBren bilera
Irailean onartuko dituzte Espainiako Gobernuaren erreforma berriak
Horixe baieztatu du Olli Rehn Europako Batzordeko presidenteordeak. Luis de Guindos Ekonomia ministroak azaldu duenez, Espainiak erreforma egitasmoa "lantzen" jarraitzen du.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuak erreforma egitasmo zabala onartuko du hilabetea amaitu aurretik, Europar Batasunaren aholkuei jarraituz, eta konpromiso argi eta egutegi zehatzararekin, Europako Batzordeak jakitera eman duenez.
"Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroak Eurotaldeari jakinarazi dionez, Gobernuak konpromiso argiak eta egutegi zehatza izango dituen erreforma egitasmo zabala onartu nahi du hilabetea amaitu aurretik", iragarri du Olli Rehn Europako Batzordeko presidenteordeak prentsaurreko batean.
Eurotaldearen presidenteak, hala ere, ez du argitu Espainiari bigarren erreskate bat emateko baldintzak ote diren, Europako Banku Zentralak zorra eros dezan.
De Guindos izan da lehena
Iragarpen horren aurretik, Luis de Guindos Ekonomia ministro espainiarrak azpimarratu du Gobernuak erreforma egitasmoa "lantzen" jarraitzen duela, eta "datozen egunetan iragarpen garrantzitsuak" egingo dituztela jakinarazi du.
Dena dela, Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak esandakoarekin bat eginez, De Guindosek esan duenez, "askoz garrantzitsuagoa" da defizit publikoaren helburua betetzea eta erreformen egitasmoa gauzatzea, balizko erreforma bat baino".
Ez ditu baldintza berriak espero
Ekonomia ministroa Euroguneko Finantza ministroen bilera batean parte hartzen ari da gaur Nikosian. Bertan, Espainiaren erreskatearen baldintzak finkatzea espero da.
Ministroak bileraren aurretik adierazi duenez, Gobernuak ez du espero Europar Batasunak Espainiari erreskatea eskatzeko baldintza gehiago jartzerik.
De Guindosek bilera utzi behar izan du ondoezik zegoelako
Ekonomia ministro espainiarrak Eurotaldeko ministroen bilera utzi behar izan du tarte batean, ondoezik sentitzen zelako.
Ministroa gripeak jota joan da bilerara, eta gainerako ministroen aurrean hitz egin ostean, minutu batzuetan bileratik atera da, baina berehala itzuli da, Espainiako Gobernuko iturriek jakitera eman dutenez.