Krisi Ekonomikoa -
Protesta
Milaka lagunek murrizketen gaineko erreferenduma eskatu dute Madrilen
Sindikatuetako buruek zuzendu dute Madrilgo kaleetan izandako mobilizazio historikoa. Greba orokor berria ekiditea bere esku dagoela ohartarazi diote manifestariek Rajoyri.
Erredakzioa
Ignacio Fernandez Toxo eta Candido Mendez CCOO eta UGTko idazkari nagusiek herritarrei entzuteko deia egin diote Mariano Rajoyri, eta greba orokor berri bat ekiditea bere esku dagoela ohartarazi diote.
Madrileko Kolon plazan egindako adierazpenetan, herritarrei "kalte gehiegi" egiten dietela salatu dute 150 gizarte eragilerekin batera egin duten manifestazioan
Horregatik, erreferendum bat egiteko deia luzatu diote Rajoyri, bere politikaren inguruan gizarteak duen iritzia galdetzeko. Halaber, ez dela "merkatuak kontrolik gabe" uzteko unea nabarmendu dute.
Greba orokor baten deialdiaren inguruan, ekiditeko giltza Gobernuak duela esan dute, sindikatuek herritarren babesa izanez gero, "Gobernuak nahi duen punturaino iritsiko direlako".
10:00etan zortzi martxa atera dira Madrileko hainbat puntu ezberdinetik eta denak Kolon plazan bildu dira eguerdian.
150 gizarte erakunde eta CCOO eta UGT sindikatuak parte diren goi-bilera sozialeko kideen arabera, Gobernuaren murrizketen aurkako protestak garrantzia historikoa izango du.
Pertsonak erreskatatzeko deia egin du EBk
Jose Navas Ezker Batua-Berdeakeko bozeramaile eta Arabako zerrendaburua Madrileko manifestazioan egon da, eta bertan, murrizketak "bertan behera uzteko, pertsonak erreskatatzeko eta gizarte ekonomiaren alde egiteko" eskatu die Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari.
Lau atxilotu
Madrileko Platerias plazan lau lagun atxilotu ditu Poliziak goizean, martxaren hasieran identifikazioa eskatu eta ezezkoa eman ostean. Arratsaldean zehar lau atxilotuak aske utzi dituzte. Hala ere, izapideak irekiko zaizkie agintaritzari jarkitzea egotzi dietelako.