Ekonomia -
24 orduko lanuztea
Trenen grebak jarraipen zabala izan du
Sindikatuen arabera, % 90eko erantzuna jaso du grebak, Espainiako Sustapen Ministerioak ordea, % 25eko jarraipena izan duela adierazi du.
Erredakzioa
Renfe, Adif eta Feveko langileen gaurko grebak % 90 inguruko jarraipena izan du EAEn eta Nafarroan sindikatuek adierazi dutenez. Sustapen Ministerioak, ordea, langileen % 23k bakarrik egin duela adierazi du.
Bilbon manifestazioa Abandoko geltokitik atera da. LAB Bizkaiko hiriburuko PPko egoitzaren aurrean bildu da, sektorearen liberalizazioaren aurka protesta egiteko.
EAEn ez da istilurik izan, eta zehaztutako gutxieneko zerbitzuak bete dira.
Renfeko ibilbide laburreko trenen % 75ek funtzionatu dute puntako orduetan, trenen erdiek gainerako orduetan. Gainera, Espainiako trenbide konpainia publikoak jakinarazi duenez, gutxieneko zerbitzuak arazorik gabe bete dira.
Distantzia luzeko ibilbideetako trenen % 70 izandira funtzionamenduan Euskadin. Era berean, Feve konpainian ezarritako gutxieneko zerbitzuak bete ari dira, eta trenen % 27 izan dira martxan.
Trenbide garraioaren liberalizazioaren aurka Renfe, Adif eta Feve konpainiek deitu duten greba deialdiak jarraipen zabala izan du Nafarroako Foru Komunitatean ere. Sindikatuek esan dutenaren araber,a langileen % 82k egin du bat lanuztearekin. Bestalde, Javier Gomez Nafarroako Adif konpainiako enpresa komiteko presidenteak adierazi duenez, gutxieneko zerbitzuak “gehiegizkoak izan badira ere” normaltasunez bete dira.
Trenaren alorreko enpresek egiten duten 24 orduko bigarren lanuztea da gaurkoa, Gobernuak trenbidearen pribatizazioa onartu izanaren aurka kexatzeko.
Normaltasuna nagusi, Espainian
Tren konpainia publikoak eta sindikatuetako ordezkariek jakinarazi dutenez, normaltasuna izan da nagusi greba egun honetan, eta ezarritako gutxieneko zerbitzuak bete dira.
Sustapen Ministerioak ezarritako gutxieneko zerbitzuen arabera, abiadura handiko trenen % 73k eta distantzia luzeko ibilbideetako % 65ek funtzionatu dute. Horrez gain, ibilbide laburreko trenen % 75ek funtzionatu dute puntako orduetan eta trenen erdiek gainerako orduetan.
CCOO, UGT, SEMAF eta CGT sindikatuek lanuztearen balorazio positiboa egin dute, baina gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak direla salatu dute.
Santanderretik Madrilera zihoan tren bat bertan behera gelditu da goizean, baita Madril-Sevilla zerbitzua egiten duen beste bat ere. Halaber, Madrileko Atotxa geltokian hiru lagun atxilotu dituzte agintaritzari desobeditzea leporatuta. Madril eta Bartzelona hirietan, Renfe, Adif eta Feve enpresen trenetan ez ezik, bi hirietako metro zerbitzuetan eta Kataluniako hiriburuko autobus zerbitzuetan ere izan dira lanuzteak.