Krisi Ekonomikoa -
Greba orokorra
ELA eta LAB: 'Mobilizaziorik gabe, birrindu egingo gaituzte'
ELAko idazkari nagusiaren iritziz, greba orokorra “tresna erabilgarria” da, eta “zerbaiterako balio izango du” datorren asteazkenean. “Mobilizaziorik egiten ez badugu, birrindu egingo gaituzte”.
Erredakzioa
Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren iritziz, greba orokorra “tresna erabilgarria” da, eta “zerbaiterako balio izango du” datorren asteazkenean. “Mobilizaziorik egiten ez badugu, birrindu egingo gaituzte”.
ELA eta LABeko idazkari nagusiek agerraldia egin dute gaur Bilbon, datorren asteazkeneko greba orokorrari buruz hitz egiteko. Adolfo Muñozen esanetan, murrizketen aurrean “irtenbide bakarra mobilizazioa da”, eta “beldurra elkarrekin gaindituko dugu”, azpimarratu du.
Horren hitzetan, “asko dago jokoan” asteazken honetako deialdian, eta “eraso bortitzei aurre egiteko defentsa antolatu behar da”. “Inoiz ez bezala, mobilizazioa behar da. Greba orokor batek horretarako balio du”.
Muñozen iritzian, “eskuina ekonomikoa, politika alde duela, lan eta gizarte esparruan triskantza egiten ari da, eta indibidualismoan oinarritutako gizartea eraiki nahi du”.
“Orain artekoa gogorra izan bada, aurrerantzean izango dena oso gogorra izango da”, gaineratu du ELAko idazkari nagusiak. Bestalde, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak botere publikoek demokraziaren aurka erabili duten politika salatu du.
Espainiaren erreskaterako “agenda politikoak” aurrera jarraituko duela azpimarratu du Etxaidek, “egunez egun norabide horretan erabakiak hartzen ari direlako”. “Erreskate horren baldintzak zeintzuk izango diren negoziatzen ari dira”, salatu du.
Bestalde, Jaurlaritzak prebarikazioa egin duen aztertuko dutela gaineratu dute; izan ere, “antzeko zerbitzu minimoak jartzen ditu beti” eta, ondoren, Justiziak “legez kanpokotzat jotzen ditu”.