Ekonomia -
Egurrez eraikitzen
Hazteko espazio zabala dauka EAEn egurrarekin egindako eraikuntzak
Egurtek foroa egiten ari dira egunotan BEC erakustazokan. Egurrezko eraikinak egiten dituzten munduko konpainiak bildu dira bertan azken produktu eta berrikuntzak erakusteko asmoz, tartean Euskal Herriko bost enpresa ere badaude.
A. Aramendi Elduaien | EITB Media
Asteazken eta ostegunean, Egurtek, zura materia nagusi duen arkitekturaren eta eraikuntzaren nazioarteko foroa, egiten ari dira Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren. Mundu zabaletik etorritako 63 enpresa elkartu dira bertan, eraikuntza jasangarrirako eta bioeraikuntzarako sortu dituzten puntako produktu, zerbitzu eta berrikuntzak ezagutzera emateko asmoz. Tartean, alor horretan aritzen diren Euskal Herriko hainbat enpresa egongo dira, hala nola Egoin, Termogenik, Gamiz Taldea, Protec eta Zuhaizki.
Horrez gainera, zurarekin egindako arkitekturan punta-puntakoak diren profesionalen esperientziak entzun ahal izango dira. Bertan izango da, adibidez, David Chipperfield arkitektoa, 2023an Pritzker saria eskuratu zuena. Foro hori Baskegurrek, Euskadiko Egurraren Elkarteak, antolatutako Egurraren Astearen barruan egingo da.
Egurraren sektoreak lehengai horrekin lotura duten hainbat jarduera ekonomiko hartzen ditu bere baitan, besteak beste, baso-kudeaketa, eraikuntza eta papergintza. Sektore garrantzitsua da EAEn. Euskadiko Egurraren Behatokiaren 2021eko txostenaren arabera, 2019an 745 milioi euroko faktoreen kosteko BPGa (fabrika irteerako balio erantsi gordina) sortu zuen.
Gure ingurura begiratzen badugu, egurrezko egiturak edo kanpo hormak dituzten gero eta eraikin gehiago ikusiko ditugu. Eraikuntza material gisa egurrak gorakada izan badu ere, gaur egun egiten diren eraikinen % 2k baino gutxiagok dute egurra egituran. Beraz, hazteko espazio zabala du sektoreak.
Azken urteetan, egurrez egin diren eraikin gehienak obra publikokoak edo enpresen egoitzak izan dira. Horren adibide dira, besteak beste, Getxoko Muxikeberri kulturgunea (LMU Arkitekturak eta Gamiz taldeak egina) eta Usurbilgo Musika Eskola (OS3 eta Egoin enpresak egina).
Etxebizitzen alorrera ere igaro da egurra. 2017an, adibidez, une horretara arte Europako hego-mendebaldean eraikitako egurrezko etxebizitza eraikin handiena egin zuen Hondarribian Visesak, Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoak. Laster, Bilbon ere horrelako etxebizitza bloke bat ikusiko dugu, Zorrotzaurren, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak energia kontsumorik gabeko eta CTL sistemarekin (egur kontralaminatua) eraikitako 57 etxebizitza eraikiko baititu.
Baskegurrek azpimarratu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoan zuraren balio-kate osoa daukagu; basoak ditugu eta baita horietatik zura ateratzen duten enpresak, erabilera askotarako tratatzen dutenak eta eraikuntzan erabiltzen dutenak. Azken horiek gainera, neurri handi batean inguruko lehengaiarekin lan egiten dute; alegia, haien produktuak sortzeko erabiltzen duten egurraren % 70 Euskal Herriko edo inguruko eremuetako basoetatik ateratzen da.
Hala ere, Katalunian, Galizian eta, batez ere, Europako iparraldean, zuraren pisua eraikuntzan gure inguruan baino askoz ere handiagoa da. Hori dela eta, gure enpresek ekoizten dutenaren zati handi bat esportatu egiten dute. Eskandinaviako herrialdeetan, esate baterako, ia eraikin guztiak egurrezkoak izan ohi dira. Alemanian, kalkuluen arabera, erdia eraikitzen dute material horrekin, baita Frantzian ere. Azken horretan, Gobernuak lege bat ezarri zuen 2020an eta, ondotik, derrigorrezkoa da eraikin publikoen eraikuntzako materialaren % 50 gutxienez zura edo material naturala izatea.
Eraikuntzarako erabiltzen den egur mota aldatu egiten da munduko eremuaren arabera. Gure inguruan intsinis pinua da erabiliena, gure basoetan ohikoena, baina badira pago-zurarekin eta antzekoekin lan egiten duten enpresak ere. Penintsulan beste pinu mota batzuk dira nagusi, eta Europako iparraldean ohikoagoa da Douglas izeia.
Maialen Sagarnak (OS3 Arkitektura enpresa) Usurbilgo musika eskolaren eraberritze lanak diseinatu eta zuzendu ditu. Egurra da material nagusia fatxadan eta inguruko paisaiarekin oso integratua dago.