Krisi Ekonomikoa -

'Batasun' mezua

EAEko merkatariek ordutegiak liberalizatzeko dekretua errefusatu dute

Gobernu zentralak onartutako ordutegiak liberalizatzeko dekretuaren puntu guztien kontra azaldu dira “aho batez”, eta “autonomia erkidegoei galdetu gabe” onartu dela kritikatu dute.

EAEko merkatariek ordutegiak liberalizatzeko dekretua errefusatu dute. EITB
EAEko merkatariek ordutegiak liberalizatzeko dekretua errefusatu dute. EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko merkataritza sektorea astearte honetan Gobernu zentralak onartutako ordutegiak liberalizatzeko dekretuaren puntu guztien kontra azaldu da "aho batez", eta erregulazio hau "autonomia erkidegoei galdetu gabe" onartu gabe izan dela kritikatu dute.

Sektoreko eragile nagusienak goiz honetan bildu dira Gasteizen, Merkataritza Batzorde Konjuntiboan dekretuaren ondorioak aztertzeko. Hori irailean onartu zuten Ministroen Kontseiluak.

Eusko Jaurlaritzako Industria Sailetik jakitera eman dutenez, sektoreak aho batez ordutegiak liberalizatzea, beherapenenen epeen desagerpena eta dendek ireki dezaketen jai-egun kopurua zabaltzea kritikatu du.

Halaber, batzorde horretan bildutako eragileek beherapenen desagerpenari nola aurre egin aztertzeko ikerketa bat egitea proposatuko diote Ikusmer Merkataritzako Euskal Behatokiari.

Jaurlaritzak dagoeneko helegitea aurkeztu du errege-dekretuaren aurka, eta Gobernu zentralaren eta Jaurlaritzaren artean dagoen gatazkari irtenbidea jartzeko mekanismoak martxan jarri ditu. Bi horien arteko bilera urte amaieran izatea aurreikusi dute.

Bilera horretan akordiorik ez balego, Jaurlaritza Konstituzionalaren aurrean helegitea aurkezteko prest dago.

Goizeko bileran Eusko Jaurlaritzaz gain, besteak beste, honako hauek parte hartu dute: hiru lurraldeetako merkataritza ganberak, Euskalit, Innobasque eta Lehiakortasunaren Euskal Institutua (Orkestra), Lehiakortasunaren EAEko Agintaria, Euskadiko Merkataritza Banaketaren Behatokia (Ikusmer), lau sindikatu nagusiak (ELA, CCOO, LAB eta UGT) eta horien kide merkatariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea