Krisi Ekonomikoa -
Unibertsitarioak
Aurtengo Erasmus programa ordaintzeko dirua badagoela esan du EHUk
Euskal Herriko Unibertsitateko ia 1.000 ikaslek hartuko dute parte ikasturte honetan Erasmus programan. Hilean, 110 euroko laguntza jasoko du bakoitzak.
Erredakzioa
2012-2013 ikasturteko Erasmus programa ''normaltasun osoz'' martxan dela eta ''lehen zein bigarren lauhilekoak ordaintzeko diru nahikoa'' dagoela esan du EHU Euskal Herriko Unibertsitateak, ohar batean.
Modu horretan erantzun dio Euskal Herriko Unibertsitateak unibertsitate ikasleen trukea bultzatzen duen Erasmus programaren arazo ekonomikoen inguruan kaleratu diren datuei.
Euskal Herriko Unibertsitateak azaldu duenez, ia 1.000 ikaslek hartuko dute parte ikasturte honetan EHUko Erasmus programan, eta horietatik gehienak (ikasturte osoa edo lehen hiruhilekoa atzerrian egingo dutenak) dagoeneko Europako unibertsitateetan daude. Gainontzekoek, gabonetan egingo dute bidaia.
Aurten programan parte hartzen duen ikasle bakoitzari hilean 110 euroko laguntza eskainiko diote, Europar Batasuneko diru-laguntzen bidez.
Halaber, Eusko Jaurlaritzak, Hezkuntza Ministerioak eta Kutxabankek ere laguntzak eskaintzen dituztela azaldu du EHUk.
Erasmus laguntzak bermatuko ditu Kutxabankek
2012/2013 ikasturtean, Erasmus ikasleen trukerako programan ikasketak egingo dituzten gazteei emandako 926 beken ordainketa bermatu egingo du Kutxabankek, erakundeak berak ohar batean jakitera eman duenez. Guztira, 625.000 euro bideratu ditu finantza-erakundeak laguntza hauetara.