Krisi Ekonomikoa -
Neurri berria
Babes ofizialeko etxebizitzak alokairuan, etxetik bota dituztenentzat
Etxetik bota dituztenen familiek lehentasuna izango dute alokairuko babes ofizialeko etxeak eskuratzeko garaian. Neurria urtarrilaren 2an sartuko da indarrean.
Erredakzioa
Etxetik bota eta seme-alaba adingabeak dituzten familiek babes ofizialeko etxebizitzak alokairuan izango dituzte. Jaurlaritzaren agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu da gaur eta urtarrilaren 2an sartuko da indarrean.
Babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedura errazteko eta arintzeko egin dute agindua. 2013ko urtarrilaren 2an sartuko da indarrean, Administrazioak "araudi berria sistema informatikoan egokitzeko", Etxebizitza Sailak ohar batean jakinarazi duenez.
Helburua hipotekari ezin aurre egin eta etxetik bota dituzten familiei irtenbide bat ematea da. Seme-alaba adingabeak dituztenei eta "gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan daudenei" zuzenean alokairuko etxebizitza emango die Jaurlaritzak. Beste kasuetan, lehentasuna izango dute etxebizitza horiek lortzeko orduan.
Etxebidek araudi berriak ezartzen dituen aldaketen berri emango die familiei eta bi hilabete izango dituzte beharrezko aldaketak egiteko.