Krisi Ekonomikoa -
Txostena
BEZa igotzea eta kaleratzeak merkatzea eskatu du OCDEk
Produktu eta zerbitzu ''gehienek'' BEZ orokorra izan beharko luketela uste du. Halaber, erretiro partziala bertan behera uztea eta langabezia-saria kontrolatzea eskatu du.
Erredakzioa
Produktu eta zerbitzu gehienek % 21eko BEZa izatea, ingurumenarekin lotuta zerga gehiago ezartzea, kaleratzeak merkatzea, erretiro partziala bertan behera uztea eta langabezia-saria kontrolatzea eskatu du ostegun honetan OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak.
Neurri horiek biltzen dituen txostena aurkeztu du Angel Gurria erakundeko presidenteak, Luis de Guindos Ekonomia ministroarekin batera.
Zerga-sistema
Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen ustez, Espainiako zerga sistema lan errentei ''gehiegi'' dago zuzenduta, bereziki Gizarte Segurantzari dagokionez. Erakundearen hitzetan, horiek dira hazkunde ekonomikorako eta enplegurako neurririk ''kaltegarrienak''.
Bestalde, zuzenekoak ez diren zergak Espainian baxuegiak direla uste du, eta, ildo horretan, produktu eta zerbitzu ''gehienek'' BEZ orokorra (% 21ekoa) izan beharko luketela uste du.
Halaber, pentsio planak izateagatik ezartzen den murrizketa bertan behera utzi behar dela uste du OCDEk, eta ondasun eta ondorengotza zergetan ere aldaketa ezartzea proposatu du. Zehazki, eskumenak Gobernu zentralaren esku egon beharko luketela esan du.
Ingurumenarekin lotutako zergei dagokienez, zergok Estatu mailakoak izan beharko liratekeela uste du txosten horrek.
Lan-erreforma
Kaleratze bidegabeen kasuetan kalte-ordaina txikiagoa izatea proposatu dio OCDEk Espainiako Gobernuari, eta, horri lotuta, langabezia-saria kontrolatzea ere egoki litzatekeela uste du.
Pentsioen kasuan, erakundeak esan du 2011ko erreformak aurreikusita zegoen gastua murrizteko balio izan duela; baina, hala ere, erreforma horretan sakondu eta ahalik eta arinen erretiro partziala bertan behera utzi behar dela uste du, sistemarentzat garestiegia delako.
Halaber, etorkizunean alarguntza-pentsioetan aurreztu litekeela uste dute elkarte horretako arduradunek.