Frantzisko aita santua -
Aulki Hutsa hasiko da
Benedikto XVI.aren aitasantutzaren amaiera
Benedikto XVI.ak 20:00etan utziko dio aita santua izateari. Vatikanotik, baina, 17:00etan joango da, helikopteroz.
Erredakzioa
Gaur iluntzean, 20:00etan hain zuzen ere, bukatu egingo da Benedikto XVI.aren aitasantutza. Aita santua izateari utziko dio, aita santu emeritu izateko.
Une horretan, Aulki Hutsa deritzon aldia hasiko da, hau da, aita santu batek zereginari uko egiten dionetik edo hil egiten den unetik ondorengoa aukeratu arte igarotzen den epea.
Arrantzalearen Eraztuna ez dute guztiz suntsituko, "indargabetu" egingo dute, marra edo gurutze bat eginez, Federico Lombardi Vatikanoaren bozeramaileak azaldu duenez.
Gainera, aita santuak Twitterren duen profila, @Pontifex, itxi egingo dute, ondorengoa aukeratu arte.
Zuzenbide kanonikoaren arabera, hurrengo aita santua aukeratzeko konklabea Aulki Hutsa hasi eta 15-20 egunera hasi behar da, baina Benedikto XVI.ak motu propio bat publikatu du, kardinalei konklabea aurreratzeko baimena emateko.
Benedikto XVI.ak 17:00etan utziko du Vatikanoa, helikopteroz, Castel Gandolforako bidean. Bertan bi hilabete emango ditu, eta ondoren Mater Ecclesiae klausurako monasteriora joango da, Vatikanora.
11:00etan, Benedikto XVI.ak Erroman dauden kardinal guztiak agurtuko ditu.
Azken ekitaldia
Atzo, Benedikto XVI.ak bere azken audientzia publikoa eskaini zuen, Vatikanoan.
150.000 pertsonaren aurrean, aita santuak azken zortzi urteotan "une zailak" bizi izana aitortu du.
Dena dela, "bakarrik" ez dela inoiz sentitu adierazi zuen, eta eskerrak eman zizkion Tarcisio Bertone Vatikanoaren estatu idazkariari.