Frantzisko aita santua -
Elkarrizketa
'Eliza ez da garaiotan esaten dutena bezain ustela'
Federico Lombardi Vatikanoaren bozeramaileak berretsi du osasun arazoengatik utzi zuela Benedikto XVI.ak kargua, eta Elizako arazoei ematen zaien "dramatismoa eta tonu iluna" kritikatu ditu.
Erredakzioa
Federico Lombardi Vatikanoaren bozeramaileak salatu duenez, Benedikto XVI.aren agintaldian "esajeratu egin dira Elizaren arazoak", eta Eliza ez dela "garaiotan esaten dutena bezain ustela" azpimarratu du.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean Eliza Katolikoaren bozeramaileak adierazi duenez, gaurkoa "egun historikoa da, aitasantutzaren azken eguna", izan ere, Benedikto XVI.ak aita santu kargua utziko du 20:00etan, duela bi aste kargua utziko zuela iragarri ostean.
Lombardik berretsi du aita santuak ez duela gezurrik esan eta adierazitako arrazoiengatik utzi duela kargua, ez ustelkeriagatik edo azkenaldian prentsan agertu izan diren arrazoiengatik. "Duela asko esan zuen kargurako indar nahikorik ez bazuen onena karguari uko egitea zela. Zuzenbide Kanonikoak aurreikusten duen zerbait da. Ez da aparteko zerbait, nahiz eta mendetan halakorik ez gertatu", Lombardik azaldu duenez.
"Esajeratu egiten dira Elizaren arazoak, errealitatea islatzen ez duen tonu ilunarekin eta dramatismoarekin. Ez da justua, errealitatearekiko, Elizan ustelkeria handia dagoela, eta eskandaluak alde guztietan daudela esatea. Eliza ez da garaiotan esaten dutena bezain ustela, hori gezurra da, eta aita santuak halaxe esan du", gaineratu du Benedikto XVI.aren bozeramaileak.
Ondorengoa
Aita santuaren ondorengoari dagokionez, Lombardik esan du kardinalek "informazio objektiboa" izango dutela "Elizaren Gobernuaren agintari izateko gaitasuna duen pertsona bat hautatzeko".
Hurrengo aita santua jatorriaren arabera hautatuko ote duten galdetuta, Lombardik argi erantzun du: "Jatorria ez da oinarrizko irizpidea. Irizpide bat izan daiteke kardinalentzat, baina pertsonalki, nahiago dut aurreikuspenik eta lehentasunik ez eman".
Lombardik ez omen daki Vatikanoaren bozeramaile karguan jarraituko ote duen aurrerantzean, eta aita santu berriaren esku utzi du erabakia, izan ere, kargua "ohore bat da, ez da eskubidea".