Etxegabetzeak -

Eskaria euskal erakundeei

Etxegabetzen duten kutxetatik diru publikoa ateratzeko eskatu du EBk

SyV alderdiko kideekin batera, agerraldia egin du Bilbon, kaleratzeak salatzeko. Zorraren ordainetan bankuari etxea ematea eta Hipoteken Legea aldatzea ere eskatu dute.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ezker Batuko eta Partido Social y Vasco (PSyV) alderdietako militanteek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Bilbon, kaleratzeen auzian bankuak izaten ari diren jarrera salatzeko. Etxegabetzen duten bankuetatik “diru publikoa” ateratzeko eskatu diete euskal agintariei.

Andrea Uña Ezker Batuko Emakumearen Saileko arduradunak komunikatu bat irakurri du, bertan elkartu diren alderdietako ordezkarien izenean bankuen hipokresia salatzeko: “diru-laguntza publikoak jasotzen dituzte, eta krisi ekonomikoaren biktima diren pertsonen kaleratzeak bultzatzen dituzte”.

Horien hitzetan, sistema ekonomikoa merkatuaren menpe dago, eta pertsonek etxebizitza duina izateko duten “eskubidea galdu” dute. Horren aurrean, euskal erakundeek egoera salatu behar dutela uste dute.

“Nola liteke botere publikoak, herritarren interesak defenditu beharrean, krisi ekonomikoa eragin duten horien agindu eta interesetara makurtzea?”, gaineratu du Andrea Uñak.

“Erakudeek ezin dute etxegabetzeak agintzen dituzten finantza erakundeen konplize izan”, eta, horregatik, kaleratzeak egiten dituzten bankuetatik “diru publikoa” ateratzeko eskatu diete euskal erakundeei.

EB eta PSyV alderdien ustez, “beharrezkoa” da bankuek zorra duten familiekin negoziatzea, eta baita ordaindu ezin dutenek zorraren ordainetan etxea emateko aukera izatea ere. Bestalde, kaltedunentzat alokairu sozialeko etxebizitzak jartzea eskatu dute. Halaber, Hipoteken Legea aldatzeko eskatu dute, “zaharkituta” dagoela iritzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea