Etxegabetzeak -

Diputatuaren etxebizitzan

Kaleratzeak Stop elkarteak Barredari ere egingo dio 'escrache'a

Ostegunean BBKren Bilboko egoitzaren aurrean egingo dute protesta. Bestalde, Gipuzkoako Kaleratzeak Stop elkarteak beste 'escrache' batzuk deitu ditu aste honetarako.

Bizkaiko Kaleratzeak Stop elkartearen "escrachea", Bilbon. EFE
Bizkaiko Kaleratzeak Stop elkartearen escrachea, Bilbon.
Bizkaiko Kaleratzeak Stop elkartearen "escrachea", Bilbon. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Kaleratzeak Stop elkarteak iragarri duenez, asteartean Leopoldo Barreda PPko diputatuaren aurkako escrachea atzeratu egin dute, baina eguna zehazteke dago oraindik, Twitterren zabaldu dutenez. Escracheak etxegabetzeak ekiditeko legedia aldatzea exijitzea du helburu.

Bestalde, ostegunean, hilak 11, BBKren Bilboko egoitzaren aurrean escrache bat egingo dutela esan dute. Horrezkero, plataformak Bilbon egingo duen bigarren protesta izango da, lehengo ostiralean Bizkaiko hiriburuko PPren egoitzaren aurrean egin baitzuten.

Barredari horren moduko protesta egingo ziotela iragarri zuen, baina elkarteak jada zabalduta zuen escrache gehiago egingo dituztela, besteak beste Antonio Basagoitiren aurka.

Barredaren erantzuna

Leopoldo Barredak dagoeneko esan du escracheak ez duela bere boza aldaraziko eta "demokraziaren aurkako jarrera" dela kritikatu du.

Europa Press agentziari esan dioenez, "mugimendu hori hartzen ari direnen jarrera da, Batasunarekin parekotasuna duten sektoreetako kideak dira".

Escrachea Gipuzkoan

Bestalde, Gipuzkoako Kaleratzeak Stop elkarteak beste escrache bat deitu du astelehenerako, Jose Eugenio Azpiroz Villar PPko diputatuaren abokatu bulegoan, hain zuzen.

18:00etan egingo dute protesta eta Isabel II etorbidean dagoen Kutxako bulegotik abiatuko dira, Amara auzotik.

Halaber, asteartean, 18:00etan, Donostiako PPren egoitzaren aurrean beste escrache bat egingo dutela iragarri dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea