Etxegabetzeak -
Getxo
Algortako bizilagunek kaleratzea etetea lortu dute
PAH Sendia elkarteak deituta, dozenaka lagun elkartu dira familia algortarraren etxegabetzea gelditzeko. Kaleratu nahi dituzten senar-emazteek bi alaba dituzte, 19 eta 22 urtekoak.
Iker Gonzalez | eitb.eus
PAH Sendia Hipotekak Kaltetutako Plataformak deituta Algortako bizilagunek egindako presioari esker, auzo getxoztarrean (Bizkaia) egitekoa zen kaleratzea geldiaraztea lortu dute.
Bertan izandako zenbait lekukok eitb.eus-i azaldu diotenez, ez dute poliziarik ikusi inguruan, eta espero da kaleratzea behin betiko bertan behera geratu izana, elkarretaratzeak egindako presioa dela eta.
Bestalde, Udalean ordezkaritza duten alderdietako ordezkariek bat egin dute protestarekin, eta hedabideen aurrean adierazpenak egiten izan dira, besteak beste, Unai Urruzuno (EH Bildu) eta Marisa Arrue (PP).
Elkarteak ohar baten bidez zabaldu duenez, orain langabezian dauden pertsona langileak dira kaleratzeen biktimak. Hori dela eta, Konporte kalean, 28 zenbakiaren parean, 11:00etatik aurrera egindako protestan parte hartzeko deia egin diete “kaleratzeen kontrako borrokan bat egin nahi dutenei”.
Udalak babesa eskaini du
Getxoko Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, udalerri horretako Gizarte Zerbitzuek “ostatu eta babesa eskaini dio eguerdian egitekoa den kaleratzearen familiari, haien egoera eta bestelako aukerak aztertu bitartean”.
Horren haritik, “Udalak babesa eskaini dio aipatutako familiari; senar-emazteek bi alaba dituzte, 22 eta 29 urtekoak”.
“Halaber, alkateak Getxoko Epaitegiko dekanoarekin bilera egitea eskatuko du, kaleratzeen inguruko protokoloa berraztertzeko. Helburua da Jaurlaritzak, Eudelek eta Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak sinatutako hitzarmena modu zuzenean betetzen dela bermatzea”, Udalaren arabera.