Etxegabetzeak -

84 urteko donostiarra

Patxi Zubiaurrek eskerrak eman ditu eta kontua ondo amaitzea espero du

Gaur kanporatu behar zuten etxetik 'mailegu-emaile baten biktima' izan den 84 urteko gizona, baina epaileak maiatzaren 15era atzeratu du.

Patxi Zubiarrek etxegabetzea gelditu izana ospatu du. Argazkia: EiTB
Patxi Zubiaurrek eskerrak eman ditu jasotako laguntzagatik

1:28

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur etxetik kaleratu behar zuten Patxi Zubiaurre 84 urteko donostiarrak jakinarazi duenez, bizitakoa "amesgaiztoa" izan da eta kontua ondo amaitzea espero duela gaineratu du. Momentuz, epaileak maiatzaren 15era atzeratu du Patxi Zubiaurreren etxegabetzea.

Kaleratzeak Stop elkarteko kideek adierazi dutenez, Oiartzungo partikular batek laguntza eskaini du eta etxea erosi eta 150 euroko alokairuaren truke adinekoari bertan bizitzen uzteko prest dago. Dena den, hartzekodunaren eta balizko eroslearen arteko akordioa ezinbestekoa litzateke.

Atzo, Donostiako Lehen Instantziako 1. Epaitegiak kaleratzea maiatzaren 15era atzeratzea erabaki zuen, defentsa abokatuak egindako eskaria aintzat hartuta. Abokatuak Patxi Zubiaurreren adina eta osasun egoera ahula kontuan hartzeko eskatzen zuen.

Patxi Zubiaurrek etxe atarian ospatu du epailearen erabakia eta, dozenaka lagun inguruan zituela, hedabideen aurrean hitz egin du. Bizitakoa "amesgaiztoa" izan dela eta txikituta utzi duela esan eta eskerrak eman ostean, kontua ongi amaituko denaren itxaropena agertu du.

Halaber, bereziki eskerrak eman nahi izan dizkie Kaleratzeak Stop plataformako kideei, bere kasua daramaten abokatuei, agintari eta erakundeei, eta egunotan elkartasuna helarazteko hurbildu zaizkion ikastetxeko lankide ohiei. Ondoren, cavarekin topa egin eta etxera itzuli da.

Kaleratzeak Stop elkarteak salatu zuenez, Patxi Zubiaurre kaltetuak 104.000 euroko hipoteka-mailegua sinatu zuen Abacredit konpainiarekin duela hiru urte, etxea jada ordainduta zuela bermatuta eta baldintza lukurretan, hala nola, % 19,5eko interes tasarekin eta dirua urtebete baino gutxiagoko epean itzultzearen truke.

Mailegua ordaintzeko modurik ez zuenez, etxea enkantean enpresa mailegu-emaileari eman zioten, 125.000 eurogatik, tasazioaren balioa 250.000 euroko zenean. Halaber, Donostiako epaitegi batek ebatzi zuen gizonezkoak asteazkenean utzi behar zuela etxea eta Ertzaintzari kaleratzea gauzatzeko agindua eman zion.

Patxi Zubiaurreren kasua daramaten Kaleratzeak Stop erakundeko abokatuek adierazi dutenez, gizonak dirua eskatzeko arrazoi pertsonalak zituen.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia argazkiak Etxegabetzeak Gizartea albisteak Albisteak