Etxegabetzeak -
NAFARROA
Bertan behera gelditu da 89 urteko emakume baten etxegabetzea Lizoainen
Herriko apaiz etxean bizi izan da 36 urtean, alokairuan. Artzapezpikutzak, ordea, etxetik kaleratzeko prozesu judiziala abiatu du. Sarrailagileak uko egin dio sarraila aldatzeari.
EITB.EUS
Bertan behera gelditu da Lizoainen (Nafarroa) gaur goizean egitekoak ziren etxe kaleratzea, ETBk jakinarazi duenez. Felicia Itoizek 89 urte ditu eta 36 urtez bizi izan da herriko apaiz etxean, alokairuan. Artzapezpikutzak, ordea, ez dio kontratua berritu nahi eta bere kaleratzea eskatu du. Hala ere, sarrailagileak uko egin dio bere lana egiteari eta, beraz, bertan behera gelditu da kaleratzea.
Felicia Itoiz apaiz etxean bizi izan da azken 36 urtean, alokairuan. Artzapezpikutzak 1981ean bere izenean jarri zuen etxea eta Itoizen familia 1982tik bizi da han.
Dena den, duela bi urte, Artzapezpikutzak esan zien ez ziela alokairua berrituko, eta auzibidea abiatu zuen. Gaur goizean, agindu judizial baten bitartez etxe kaleratzea egitekoak ziren. Azkenean, ordea, sarrailagileak uko egin dio sarraila aldatzeari. Antza denez, langileak ez zekien kaleratze bat egiteko deitu diotenik.
Bestalde, senide eta herritarrez gain, PAH plataformako (Hipotekek Kalte Eginikoen Plataforma) eta Elizaren immatrikulazioak salatzen dituen plataformako kideak bertan izan dira gertaturikoa salatzeko.