Gizartea -
Atsekabea
Almeriako haurraren hiltzailearen lagun bat atxilotu dute
Jonathan Moya 25 urteko gazteak hilketa onartu zuen atzo. 16 hilabeteko haurtxoaren hilotzari autopsia egiten ari dira. Poliziak gorpua aurkitu zuten lekua aztertzen jarraitzen du.
Erredakzioa
16 hilabeteko haurtxoa hil zuen gaztearen lagun bat atxilotu du Poliziak. Ikerketaren arabera, bigarren atxilotuak gertatutakoa ezkutatzen lagundu zion.
Bigarren atxilotua Raul R.F. da, Fiñana udalerrikoa eta 25 urtekoa, eta ostegunean harrapatu zuten, 20:20ak aldera.
Jonathan Moya Gonzalez 25 urteko gaztea, berriz, asteazkenean atxilotu zuten, bere familiak Abrucenan duen kortijoan.
Poliziak galdeketa luzea egin zion Almeriako Komandantzian, eta Moyak haurtxoa hil zuela onartu zuen eta hilotza non zegoen esan zien. Poliziak ur putzu handi batean aurkitu zuen 16 hilabeteko haurtxoaren gorpua.
Autopsia eta bi dolu-egun
Almeriako Medizina Institutuko auzitegi medikuak haurtxoaren hilotza aztertzen ari dira, heriotza zerk eragin zion argitzeko. Ikerketa sekretupean dago, Almeriako 2. Instrukzioko Epaitegian.
Haurtxoaren falta iragan asteko ostegunean salatu zuen amak. Antza denez, Jonathan Moya Gonzalez amaren bikotekidea zen.
Palma del Condado herriko udalak bi eguneko dolua deitu du, gaur eta bihar, eta banderak haga erdian jarri dituzte dolu-seinale moduan.
Hiltzailea ekainean ere atxilotu zuten
Poliziak aditzera emandakoaren arabera, Jonathan Moya ekainean atxilotu zuten iruzurra eta bidegabeko jabetzearen 12 delitu egotzita. Moyak bere burua Polizia bezala aurkezten zuen Internet bidez saldutako autoak lapurtzeko.
Saltzaileei autoa probatzen uzteko eskatzen zien, eta, behin autoa hartuta, matrikula faltsuak jartzen zizkion. Ondoren, beste pertsona batzuei saltzen zien eskuko diruaren truke.