Gizartea -
Astrabuduan
Tabernari bati sastada emateagatik atxilotu dute, Erandion
Zauriak odoljario handia sortu du eta Ertzaintzako agente batek premiazko torniketea egin behar izan dio anbulantzia iritsi artean.
Erredakzioa
37 urteko gizonezko bat atxilotu dute Erandion, Bizkaian, tabernari bati besoan sastada eman eta zauri larria eragitea egotzita. Tabernariari premiazko ebakuntza egin behar izan zioten, Segurtasuna Sailaren arabera.
Gertaera Urteberri egunean jazo zen, Erandioko Astrabudua auzoko taberna batean. Bi bezero eztabaidan hasi ziren eta, gauzak okerrera egiten ari zirela ikusita, tabernariak kalera ateratzeko esan zien.
Behin kalean, bietako batek jarrera bortitza izaten jarraitu zuen eta egoera baretzen saiatzen ari zen tabernariaren lagun bati muturrekoa eman zion. Orduan, tabernaria tartean sartu zen borrokari amaiera emateko eta sastada jaso zuen ezkerreko besoan. Sastada bere lagunaren bularrean emateko asmoa zuen erasotzaileak eta tabernaria tartean sartu zen.
Erasotzailea ihes atera zen eta lekukoek Ertzaintzari eta anbulantzia bati abisua eman zieten. Besoko zauriak odoljario handia sortu zuen eta Ertzaintzako agente batek premiazko torniketea egin behar izan zion anbulantzia iritsi artean. Anbulatziak ospitalera eraman zuen zauritua eta premiazko ebakuntza egin zioten.