Gizartea -
Erregeak hemen dira
Errege Magoak euskal hiriburuetan izan dira
Bilboko eta Donostiako kabalgatak larunbat honetako 18:00etan hasi dira, eta Gasteizen, berriz, ordubete geroago. Iruñeakoa ere 19:00etan hasi da.
Erredakzioa
Errege Magoak Gasteizen, Bilbon eta Donostian izan dira. Gasteizera trenez iritsi dira, Bilbora, berriz, zazpi karroza ekarri dituzte, "ostadarraren kolore guztiekin", eta Donostiara "garraio ekologikoa eta jasangarria" ekarri dute: taxi-bizikleta.
Bilbon, 18:00etan
Bilboko Kabalgata larunbat honetako 18:00etan hasi dute, Jesusen Bihotza plazan. Zazpi karroza bildu dituzte bertan eta horiekin batera dantzariz, suhiltzailez, antzerki aktoreez eta zangaluzez osatutako sei talde joan dira. Bilbo "ostadarraren kolore guztiekin" tindatu dute eta hiru tona gozoki banatu dituzte etxeko txikienen artean.
"Koloretako mundua" lelopean, kabalgatako karroza bakoitzean 80 aktore, 40 teknikari, 6.000 watt argi, 3.500 watt soinu joan dira.
Karroza nagusiak Errege Magoenak izan dira, bakoitzak kolore batez tindatu du hiria: Melchorrek "uraren urdinez", Gasparrek "zelaietako horiez" eta Baltasarrek "belar eta landaretzaren berdeaz".
Udaletxeko balkoitik mezua irakurri ondoren, Errege Magoek haurrak hartu dituzte udaletxearen barruan, 20:00ak aldera.
Donostian, 18:00etan
Donostiako kabalgata Boulevarretik atera da, eta Hernani kaletik, Askatasunaren etorbidetik, Urbietatik, Primetik, Bergaratik, Idiaquezetik, Gipuzkoa plazatik, Legazpitik eta Boulevarretik igaro da.
Errege Magoekin batera, trikitilariak, txarangak, suhiltzaileak, txu-txu trena eta morroiak joan dira. Animaliak ere ez dira falta izan. Guztira, 576 pertsonak parte hartu dute.
Gainera, zeliakoentzako egokiak diren 1.200 kilo gozoki banatu dituzte. Kabalgata 19:00etan amaitu da, gutxi gorabehera. Ondoren, Erregeak ospitaletan dauden umeak bisitatzera joan dira.
Gasteizen, 19:00etan
Gasteizera Erregeak 11:00etan iritsi dira, Arabako hiriburuko tren geltokira.
Kabalgata 19:00etan hasi da eta sei karrozak hartu dute parte: lehen hirurak "fantasiazkoak" eta besteak Errege Magoenak. Gainera, Bambolea antzerki taldeak 'Atlantes' antzezlana egin du eta Planet Vapeurrek, berriz, 'Parada Acuatica' delakoa.
Iruñean, 19:00etan
Udaletxetik pasa ostean, Errege Magoak Abejeras kalera joan eta Kabalgata hasi dute 19:00etan.
Hori dela eta, Abejeras kalean zirkulazioa itxi egin dute, baita Foru Plazan, Yanguas eta Miranda kaleetan ere.