Gizartea -

Denboralea

Ibaien emaria jaisten hasi da Euskadin

Eurite gogorrenak "dagoeneko pasatu dira", Segurtasun Sailaren arabera. Halere, uholdeen arriskua mantendu dute. Asteazkenean abisu laranja horira aldatuko dute.

Nafarroa. Argazkia: EFE
Uholdeak Euskadin
Nafarroa. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eurite gogorrenak "dagoeneko pasatu dira", eta ibai guztien emaria jaisten ari da Euskadin, euriteengatik "zaintza intentsiboa" mantendu den arren, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordeak Radio Euskadin azaldu duenez, egoerak "hobera egingo du datozen orduetan", baina "uholdeen arriskua mantenduko da".

Segurtasun Sailak asteazkenerako aurreikuspenak mantendu ditu, euriteengatik, eta abisu laranja mantenduko da, asteazkenerako 60 l/m2 iragarri dituztelako. Halaber, abisu hori bat gehiago izango da, haizeagatik eta olatuengatik.

Goiz korapilatsuaren ostean, batik bat Gipuzkoan, arratsaldean, Bizkaiak eta Nafarroak jasan dituzte denboralearen ondoriorik latzenak. Eurite gogorrek ur-baltsak sortu dituzte errepideetan eta lur-jausiak errepide-sareko hainbat puntutan.

Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak ibaien egoerari eta euriari dagokion iragarpena kontuan hartuta, Larrialdi Planaren lehen maila (lau maila daude guztira) aktibatu du, uholde arriskua dela-eta. Sailburuak krisi mahaia deitu du.

Bizkaia

Butroi, Gobela eta Asua ibaietako arroak Bizkaian arazo gehien izan dituzten guneak izan dira, eta Segurtasun Sailak esan du eurite gogorrek ur-baltsa garrantzitsuak eragin dituztela sare nagusiko errepideetan, besteak beste, A-8an. 

Butroi ibaiko arroan arazoak izan dira, urak gainezka egitearen ondorioz, Maruri eta Gamiz-Fika gunean, azken hauek urpetu egin dira.

Deustuko Unibertsitateak, bertan behera utzi ditu arratsaldeko eskolak, Bilbon.

Gobela ibaiak gainezka egin du Berangon, baina egoera kontrolpean dago. Halaber, Ertzaintzak Getxoko bizilagunei ibilgailuak Gobela ibai ingurutik kentzeko eskatu die. Fadurako jarduera guztiak, ikastaroak barne, bertan behera geratu dira eta eskoletako haurrak etxera joan dira.

Ibaizabal ibaiak gainezka egin du Zuazun, Galdakaon, baina ez dituzte etxebizitza hustu beharrik izan. 

Asua ibaiak ere hainbat arazo eragin ditu, Derion.

Bizkaian, Ondarroan, Errenteria auzoan, urak gainezka egin du.

Zadorra ibaiaren ur-emaria hazi egin da izotza urtzen ari delako; Zadorrak gainezka eginez gero, Otxandio ingurua arriskuan legokeela ohartarazi du Segurtasun Sailak.

Mallabiako industriagune bat ere urpean gelditu da ondoko ibaiak gainezka egin duelako.

Gipuzkoa

Donostian, krisialdiei aurre egiteko mahaia bildu da eta Txominenea eta Martutene inguruko bizilagunei ibilgailuak zonalde seguruetara mugitzeko abisua eman diete mugikorretako mezu eta megafonia bidez. Halaber, inguruko eskoletako haurrak etxera bidali dituzte uholdeen arriskuagatik.

Urumea ibaia alarma maila altuenera iritsi da 3,94 metrorekin, eta Udaleko krisi mahaia berriro bildu da eguerdian Okendotegi auzoa urak hartu duelako. 

Astigarragan, Ergobia auzoan, Urumeari gertutik begira ari dira. Bertan, errumaniarrak bizi diren eremu bat hustu dute eta hor bizi diren lagunak polikiroldegira eraman dituzte.

Andoni Gartzia Astigarragako alkateak esan duenez, ibai ertzeko garajeetako kotxeak ateratzeko abisua eman dute eta ibaiak gainezka egin ez duen arren, uholdeek baratzei eragin diela jakinarazi du. 

Hernanin, Billabonan, Martutenen, Zizurkilen eta Aian ere, besteak beste, ibaiek punturen batean gainezka egin dute, eta Lasarten argirik gabe gelditu dira.

Gipuzkoako DYA zerbitzuak erreskate unitateak martxan jarri ditu eta Urumea, Oria, Oiartzun eta IbaiEder ibaien jarraipena egiten ari dira.

Añarbeko Urak, Donostia hornitzen duen presak, ateak itxi ditu prezipitazioak gutxitu bitartean.

Euri jasek batez ere Gipuzkoan eragin dituzte eragozpen handienak eta lur-jausiak eta auto istripuak egon dira. Errepideetan ere ur putzuak daude eta hainbat etxeetako beheko solairuak eta baratzak urez gainezka daude.

Mahi teknikoa batzartuta dago; izan ere, euria etengabe bota du eta mendialdetik ere ur asko dator.

Nafarroa

Iruñean ere plana aktibatu dute Ultzama eta Arga ibaiak gainezka egin dutelako. Nafarroako iparraldean ere uholdeak izan direla nabarmentzen dute argazkiotan.

Baina Nafarroan, oro har, arazoak elurrak eragin ditu. Alerta gorria ezarri dute elurteengatik, Pirinio aldean, eta alerta laranja erdigunean, baita haize zakarragatik ere.

Goizean goiz bigarren mailako bost errepide itxi dituzte eta beste seitan kateak behar dira, Nafarroako Foru Erkidegoak webgunean jakitera eman duenaren arabera.

Pertsona bat hil da Orkoien eta Iruñea artean, istripua izanda, eta beste bat erreskatatu behar izan dute ibilgailutik Altsasun, Nafarroan. Iruñean larrialdietako plana aktibatu dute Arga eta Ultzama ibaietan.

Euria gogotik egin du Euskal Herri osoan eta eitb.com-eko erabiltzaileek uholdeen berri eman digute euren bideoetan

Araba

Bertan arazoak batik bat elurrak eragin ditu eta Opakua eta Herrerako mendateak itxita daude. Elurragatik EAEko abisu horia amaitu den arren, eitb.com-eko erabiltzaileek elurrak zuritutako paisaien argazkiak bidali dizkigute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea