Trafikoa -

Denboralea

Abisu horiak indarrean jarraitzen du Euskadin, elurragatik

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren arabera, EAEko mendate guztiak irekita daude, errepide sare nagusian eta bigarren mailakoan.Arratsaldeak aurrera egin ahala, elur-mailak gora egingo du.

Denboralea
Denboralea
Elur-maila gorantz egiten hasi da

1:33

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elur eta txingor denboraleak Euskadi astintzen ari da, eta, ondorioz, abisu horia mantenduko dute ostegun osoan zehar.

Ostegun honetan ere zerua hodeitsu egongo da. Euskalmeten iragarpenaren arabera. Prezipitazio txikia egingo du, zenbait lekutan ertaina, bereziki Kantauri isurialdean eta egunaren lehenengo partean. Elur-kota 800-1.000 metro inguruan kokatuko da goizez, eta 700-800 metrora jaitsiko da arratsaldean. Tenperaturak ez du aldaketa handirik izango, baina zertxobait igo daiteke. Barnealdeko zenbait puntutan izotz txikia egingo du, bereziki mendi inguruetan.

Mendateen egoera

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren arabera, 18:30ean EAEko mendate guztiak irekita daude, bai errepide sare nagusian eta baita bigarren mailakoan ere. Goizean zehar, Opakua eta Herrera mendate arabarrak eta Urduña bizkaitarra itxita egon dira ibilgailu mota guztientzat.

Elurra dela-eta, kontuz gidatu beharra dago Gipuzkoako Arantzazu, Leintz-Gatzaga, Otzaurte, Udana, Urraki eta Urto mendateetan (guztiak bigarren mailako errepide sarean).

Eguerdian, bestalde, kateak edo neguko pneumatikoak eraman behar ziren Arabako Opakuan, Barrerillan, Kurtzetan, Salinasen, Vitorian eta Zaldiaranen, Gipuzkoako Elosuan eta Bizkaiko Urkiolan, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren datuen arabera.

Hainbat arazo errepideetan, goizean zehar

A-15 autobidean, 13 ibilgailuk (tartean moto bat) elkar jo dute Urnieta (Gipuzkoa) parean, Donostiarako noranzkoan. Ondorioz, lau pertsona arin zauritu dira eta pilaketak sortu dira. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak azaldu duenez, istripua 08:00etan jazo da, seguru aski txingorraren ondorioz. Horregatik, arreta handiz gidatzea eskatu dute.

Nolanahi ere, beste hainbat lekutan ere arazoak izan dira, hala nola Zumaian (AP-8 autobidean, Kantabriarako noranzkoan) eta Elgoibarren (AP-8 autobidean, Bilborako noranzkoan). Bi kasuotan, auto-ilara luzeak sortu dira.

Nafarroa

AEMETek alerta laranja ezarri du kantauri isurialdean, 10 zentrimetroko lodiera har dezakeen elurragatik. Nafarroa erdialdean 7 zentrimotrora hel daiteke.

Horren aurrean, elurra kentzeko 93 ibilgailu martxan jarri ditu Nafarroako Gobernuak, eta, ohar batean jakitera eman duenez, errepide sare nagusia zabalik egon da goiz osoan zehar.

Edonola ere, Nafarroako beste hainbat errepide moztuta daude elurragatik, tartean Belaguako mendatea (NA-137), Isoko mendatea (NA-178), eta Aralarko San Migelekoa.

Uholdeek ere hainbat bide itxi dituzte, besteak beste Iruña eta Madril arteko N-113 errepidea, Castejon parean, eta Fustiñana eta Ribaforada lotzen dituen NA-5202 errepidea.

Lu-jausien ondorioz itxita daude ere NA-176 errepiodea (Garde-Anso) eta NA-718 errepidea (Lizarra-Olatzagutia).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroako albisteak Alerta meteorologikoak bideoak EAE albisteak Denboraleak albisteak Gizartea albisteak Elurra Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Harri-erauntsia EAEn