Gizartea -
Istripua Errenterian
Irungo gazte sozialisten kide bat hil da auto-istripu batean
27 urteko gaztea ostiral arratsaldean A-8an, Errenteria parean, gertatutako auto istripuan hil da.
Erredakzioa
Irungo gazte sozialisten kide bat hil da A-8 autobidean, Errenteria parean, ostiral arratsaldean gertatutako auto-istripuan, PSE-EEko iturriek Efe agentziari esandakoaren arabera.
Martinez, 27 urteko gaztea, Irungoa zen, eta zazpi autok talka egin zuten istripuan hil zen, A-8 autobidean. Larrialdietarako zerbitzuek ezin izan zuten ezer egin horren bizitza salbatzeko.
EAEko gazte sozialisten kideak gaur PSE-EEren Biltzarrera joateko asmoa zuen, iturrien arabera.
2008an aukeratu zuten Martinez Gipuzkoako gazte sozialisten idazkari orokor, nahiz eta dagoeneko kargua utzita zuen, baina militante gisa jarraitzen zuen Irun-Hondarribiko alderdi sozialistan.
19 urterekin sartu zen gazte sozialisten exekutiban, Eduardo Madinak erakundearen idazkari orokor kargua utzi zuenean, 2005ean.
David Martinez gaztearen gorpua Patologia Zerbitzura eraman dute autopsia egiteko.
Ertzaintzak istripuaren lekukoak eskatu ditu gertatu zena argitzeko.
Istripua 18:30etan gertatu zen, AP-8an, 14. kilometroan, Errenteria parean.
Ertzaintzak 943 539125 eta 943 539119 telefono zenbakiak jarri ditu herritarren zerbitzura lekukoek datuak emateko.