Gizartea -

Murrizketak

Ryanairrek bertan behera utziko ditu Bilboko hegaldi guztiak apirilean

AENAko aireportuetako ezarri duten tasen igoera dela-eta hartu du erabakia.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ryanair hegazkin konpainiak Asturiaseko eta Bilboko aireportuetako hegaldi guztiak bertan behera utziko dituela iragarri du. Hala, apiriletik aurrera ez du hegaldirik egingo Bilbotik Bartzelonara, Madrilera, Kanarietara, Weeze hirira eta Sevillara.

Halaber, Madril, Bartzelona, Sevilla eta Valladolideko aireportuetan ere hegaldiak murriztuko ditu.

"Espainiako Gobernuak 2012ko uztailean Madril eta Bartzelonako aireportuetako tasak bikoiztu zituen, eta 2013rako % 8ko igoera ezarri du AENAko aireportuetan. Egindako murrizketak igoera hauei erantzuteko neurriak dira'', esan du Ryanairrek ohar horren bidez.

''Edonola ere, hegaldi eta lanpostu murrizketak bertan behera gera litezke, Gobernuak eta AENAk arrazoirik gabe igo dituzten tasak jaisten badituzte, turismoaren sektorea suspertu eta enpleguak sortzeko'', esan du Ryanair enpresako komunikazio arduradunak.

Ryanairrek emandako datuen arabera, Asturias eta Bilboko hegaldiak bertan behera utzita 900.000 bidaiari gutxiago izango dituzte, eta, Espainian, 2013an, 5,4 milioi bidaiari gutxiago izatea aurreikusi du konpainiak. Beraz, 2012an 35,5 milioi bidaiari izan ondoren, aurten 30,1 milioi izatea aurreikusi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea