Gizartea -

Eztabaida, airean

Zer gertatzen zaio Ryanair konpainiari?

Airelinea irlandarrak azken hilabeteetan izan dituen arazo teknikoek segurtasunari, konpainia merkeei eta agintarien eskumenei buruzko eztabaida ireki dute.

Ryanair konpainia irlandarraren hegazkin batzuk, aireportu batean. Argazkia: EITB
Ryanair konpainia irlandarraren hegazkin batzuk, aireportu batean. Argazkia: EITB
Euskal herritarrek ez diote beldurrik 'low cost'ari

00:56

A. A.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abuztuan Espainiara iritsi ziren nazioarteko hamar hegalditik sei (% 60,8) konpainia merkeen hegaldiak ziren, eta hilabete horretan jarduera gehien izan duen "low cost" konpainia Ryanair izan zen (bidaiarien % 17,9). Hala ere, airelineak azken hilabeteetan izan dituen arazo teknikoek segurtasunari, konpainia merkeei eta agintarien eskumenei buruzko eztabaida ireki dute.

Asteburuan, emergentziaz lur hartu behar izan dute bi hegazkinek Prat (Bartzelona) eta Barajas (Madril) aireportuetan. Lehenengoa Erresuma Batuko Bristol hiritik atera eta Reusera (Tarragona) zihoan hegazkin bat zen, eta, erregaia galtzen ari zela eta, emergentziaz lur hartu behar izan zuen. Bigarrena, berriz, Tenerifera zihoan hegazkin bat zen, eta, arazo tekniko batzuk direla eta, Madrilgo Barajas aireportuan premiazko lurreratzea egin behar izan zuen. Hala ere, azken hilabeteetan Ryanair konpainiak arazo tekniko eta premiazko lurreratze bakarrak izan.

Gertakariak

Uztailaren 26an, konpainiaren hiru hegazkinek, ekaitz baten ondorioz Madrileko Barajas aireportutik desbideratu eta Valentziako aireportuaren gainetik ordubetez hegan egin ostean, premiazko lurreratzea egin behar izan zuten, Valentziako Manises aireportuan, erregairik gabe geratu zirelako.

Irailaren 7an, Aenako medikuek Ryanairreko 16 bidaiari artatu behar izan zituzten, Madril eta Kanaria Handia lotzen zituen hegaldiak presioa galdu ostean. Hegazkinak nahitaezko lurreratzea egin behar izan zuen. Egun horretan bertan, Londresetik Erromako Ciampino aireportura zihoan hegazkin bateko bidaiariak ere artatu behar izan zituzten zimitzek ziztatu egin baitzituzten.

Irailaren 13an, Düsseldorfetik atera zen hegazkin batek premiazko lurreratzea egin behar izan zuen Palman, eta hiru bidaiari artatu behar izan zituzten, aireportura gerturatzen ari zirenean "turbulentzia indartsuak" jasan eta zauritu egin zirelako.

Erantzukizunak

Ryanair konpainiako hegazkinek uda honetan izandako jazoeren ostean, aire-segurtasuna indartzea eskatu die Sustapen Ministerioak Siim Kallas Europako Garraio komisarioari eta Irlandako Abiazio Zibileko zuzendariei.

Duela aste batzuk, Ana Pastor Sustapen ministroak Espainiako Gobernuak Europar Batasuneko araudia aldatzea eskatuko zuela aurreratu zuen, estatuetako agintariek aire konpainien inguruan dituzten eskumenak handitzeko eta "zigor-araudia gogortzeko".

Hala ere, Europako Batzordeak gogoratu du jatorrizko estatua dela segurtasun arrazoiengatik hegazkin konpainia bati hegan egiteko baimena ken diezaiokeen bakarra. Segurtasun neurrien inguruko zalantzei erantzuna ematea zein isunak ezartzea ere jatorrizko estatuari dagokio.

Europako Batzordeko bozeramaileek argitu dutenez, herrialderen batek konpainia baten inguruko zalantzak baldin baditu, jatorrizko estatu horretako agintariengana edo Europako Batzordekoengana jo dezake, neurriak har ditzaten.

Konspirazioa

Polemika honen aurrean, Ryanairrek jazartze kanpaina bat pairatzen ari direla salatu dute. Michael O´Leary konpainia irlandarraren kontseilariak azaldu duenez, Ryanairrek ez ditu beste konpainiek baino gertakari gehiago, eta jasotzen ari diren salaketa guztiak konpainiaren irudiari kalte egiteko jazartze kanpaina bat direla salatu du.

"Low cost" kontzeptua luzatzen

Sepla pilotuen sindikatuaren aburuz, Ryanairren gertakarien kopuruak gora egin du konpainiak gehiegi luzatzen duelako "low cost" kontzeptua; izan ere, "segurtasun araudiaren mugan lan egiten du". Airelineari gehien leporatzen zaion arazoa erregaia (kerosenoa) gehiegi aurreztu nahi izatea da. Aireportu batean trafiko gehiegi dagoenean, hegazkinek aireportuaren gainetik hegan egiten itxaron behar izaten dute, baina, erregairik gabe gelditzen badira, lur hartzeko baimena eta lehentasuna eskatu dezakete.

Seplak azaldu duenez, denbora asko daramate Ryanairreko segurtasun arazoak eta konpainiako pilotuek 2009tik dituzten lan baldintzak salatzen; izan ere, "ezin da kontratatzeko, estutzeko eta legezkotasunaren mugan jokatzeko politika hori izan".

Sindikatuaren bozeramaileak esan duenaren arabera, azken gertakariak direla eta ezin da esan Ryanair segurtasun gutxiko konpainia dela; izan ere, hori horrela izango balitz, "ez zuen airean egoteko lizentzia izango, baina legezkotasunaren mugan dago".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea