Gizartea -
Madrilen
40 atxilotu 'Herritarren Marea'k deitutako protesta amaitu ostean
Poliziak airera hainbat tiro bota ditu Atochan. Halaber, hainbat edukiontzi erre dituzte. Milaka lagun izan dira Estatuko hainbat hirietan murrizketen aurka deitutako manifestazio baketsuetan.
Erredakzioa
Hainbat gazte txanodunek osatutako talde baten aurka egin du Poliziak Atocha zonaldean, Madrilen, behin 'Herritarren Marea' protesta amaituta. Halaber, zenbait manifestarik hainbat edukiontzi erre dituzte, eta istilu hauen ondorioz, Poliziak gutxienez 40 lagun atxilotu ditu bertan.
Halaber, hainbat manifestariei 22 petardo, bost bengala eta makila bat konfiskatu dizkie Poliziak. Madrilgo Polizia arduradunek jakinarazi dutenez, litekeena atxilotu gehiago egotea.
Cristina Cifuentes Madrilgo Gobernuko ordezkariak jakinarazi duenez, atxilotuetako bat adin txikiko gazte bat da. Cifuentesek azaldu duenez, Poliziari egindako erasoen ondorioz izan dira atxiloketak.
"Zoritxarrez, manifestazioak puztu nahi dituzten elementu erradikalak izan dira", azaldu du, "baina manifestari baketsuekin zerikusirik ez duten lagunak dira".
Manifestazio baketsuak
Larunbat arratsaldean Herritarren Marea izeneko taldeak "Estatuko finantza kolpea" salatzeko antolatutako lau manifestazioak Madrilgo kaleetan zehar egin dute bat. Mariano Rajoy eta bere Gobernuaren aurka egin den manifestazioa 18:00ean bukatu da, "posible da" oihuen artean.
Milaka pertsonen babesean, Puerta del Sol, Colon, Glorieta de Embajadores eta Vallecaseko Zubitik abiatu diren lau zutabeak 16:30an ekin diote ibilbideari, eta 20:00ak bitartean Canovas del Castillo enparantzan izango dira, Kongresuaren inguruetan.
Lau zutabe horiek kontrolatzeko asmoz, Poliziak 1.400 agente erabili ditu Espainiako hiriburuan.
"Ez iruzur hipotekarioari", "banku lukurariei ez", "Justizia aske baten alde" edo "Zure osasunarekin etekina aterako dute" bezalako lemak izan dira irakurgai ibilbide osoan zehar. Horiez gain, ez dira 'Barcenas kasua'edota 'Gobernuaren dimisioa' aipatu duten leloak falta izan
Protesta horietan adin ezberdineko jendeak hartu du parte, eta horren adibide argia dira 'Yayoflautas' izenez ezagunak egin diren adineko pertsonak edo "Nire etorkizuna bueltatu' eskatu duten umeak.
300 elkartetik gora
Herritarren Marea osasun langileen marea zuriak, hezkuntzakoen marea berdeak eta meatzarien marea beltzak osatzen dute, beste 300 erakunderekin batera: M-15, Greenpeace, EB, ICV, EQUO eta Chunta Aragonesista (CHA), besteak beste.
Manifestazioak amaitzean, komunikatu bat irakurriko dute eskubide sozialek elite ekonomikoen gainetik egon behar dutela aldarrikatzeko. Horrekin batera, politika "zintzoa" egitea eskatuko dute, hau da, justizia sozialaren alde egiten duena.