Gizartea -
Elurra eta izotza
Elurrak eta hainbat luizik arazoak eragin dituzte euskal errepideetan
Autobidea lau orduz itxita izan da gaur goizaldean, luizi baten ondorioz. Halaber, Bilbo eta Balmaseda arteko bidea egiten duen tren zerbitzua eten egin behar izan dute lur-jausi batengatik.
Erredakzioa
Arazo handiak egon dira goiz osoan zehar AP-8 autobidean, Zaldibarren (Bizkaia), Irunerako noranzkoan, luizi baten ondorioz.
Autobidea lau orduz itxita izan da, 03:00etatik hain zuzen ere, baina ondoren 'bypass' bat jarri dute, Bilborako noranzkoaren erreietako batetik Irunerako noranzkoan zirkulatu ahal izateko.
Unai Rementeria Aldundiko bozeramaileak esan duenez, geologoak eta teknikariak zonaldea aztertzen ari dira eta luiziak eragindako kalteak "erabat konpontzeko" bihar lanean jarraituko dutela azaldu du.
Araba
Elurraren ondorioz, AP-68 autobidea, Zuia parean, itxita egon da gauean kamioientzat, baina dagoeneko bidea zabalik dute. Bestalde, Barazar gainean, Gasteizerako noranzkoan, zirkulazioa etenda egon da gauean, nahiz eta jada bertatik igaro daitekeen.
Altube, Barrerilla, Opakua eta Herrera mendateak, guztiak bigarren mailako errepideak, erabat itxita daude elurra dela eta, Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak jakinarazi duenaren arabera.
Gasteizen elurpean jarraitzen dute eta 06:00etatik 250 langile baino gehiago elurra kentzeko lanetan ari dira. Kontsulta ezazu eitb.com-eko Gasteizko webkametik hiriaren egoera.
Nafarroa
Nafarroan elurra egin dezake nonahi, baina egunak aurrera egin ahala, elur-kota 300-400 metrora igoko da.
Urbasa eta Belagua mendateak itxita daude ibilgailu guztientzat, errepideak elurrez gainezka baitaude.
Gauean, Leitzarango autobidea itxita egon da Irurtzun eta Pagozelai artean, elurra kentzeko makinek errepidea garbitzea lortu duten arte.
Bizkaia
Bizkaiko arazo nagusia Zaldibarren dago, A-8 autobidean. Halaber, Segurtasun Sailak adierazi duenez, Bikosgana mendatea itxita dago.
Bestalde, luizi batek Bilbo eta Balmaseda arteko bidea egiten duen tren zerbitzua etetea eragin du Sodupen, ADIFeko iturrien arabera.
09:15ean gertatu da lur-jausia eta trenak horren aurka talka egin du. Trenaren ardatzetako bat trenbidetik atera da baina ez da inor zauritu.
Bidaiariak eramateko autobusak jarri dituzte, baina eguerdirako tren zerbitzua normaltasunera itzuli da.
Gipuzkoa
Gipuzkoan elurrak ez du aparteko eragozpenik sortu. Hirugarren egunez jarraian, gogotik bota du elurra gauean Gipuzkoa barnealdean eta astearte honetan 30 zentimetrorik gora dute herri batzuetan, besteak beste, Legazpin, Urretxun eta Zumarragan.
Iragarpena
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ezarritako alerta laranjak gaur arratsaldea arte iraungo du, 15:00ak arte, hain zuzen ere. Ordu horretatik aurrera, abisu horia ezarriko dute, eta elur-maila 500 metrora igoko da.
Hala, astearte goizean egoerak ez du hobera egingo. Hotz handiarekin jarraituko dugu, prezipitazioa denean egingo du eta elurra nahikoa maila baxutan, lehen orduotan. Zaparradak sarri botako ditu, bereziki kantauriar isurialdean, eta gainera trumoi-ekaitza eta kazkabarra izateko arriskua handia izango da. Elur-maila 200-300 m-ra egongo da goizaldean, eta egunaren bigarren partean 500-600 m-ra igoko da. Termometroak apur bat igoko dira, 5-6 ºC-ra barnealdean eta 7-8 ºC-ra helduko dira kostaldean.
Asteazkenean, 500-700 metrora zurituko du goizean goiz, baina egunak aurrera egin ahala, prezipitazioa egiteko arriskua desagertzen joango da, eta arratsaldean, toki gehienetan, ateri eutsiko dio. Beraz, termometroak ez dira aurreko egunean izandako balioetatik gehiegi urrunduko, goizaldean izotza egingo du eta egunez giroa oso hotza izango da.
Ostegunetik aurrera, prezipitazioak gutxitu egingo dira eta igo egingo da tenperatura. Hori horrela, elur-kota ere igo egingo da, Euskalmetek iragarri duenez.
Nafarroan ere izotzak eta elurrak jarraitu egingo dute datozen orduotan. Aemet Estatuko Meteorologia Agentziaren aurreikuspenaren arabera, edozein mailatan bota dezake elurra, baina egunak aurrera egin ahala mailak gora egingo du, eta 300-400 metrora igo liteke.
Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena eta errepideen egoera, eta bidali argazkiak eitb.com-era.