Gizartea -
Elur eta hotz denboralea
Elur-denboralearen kontaketa, goizean
11:04. Ireki dute Kanpazar mendatea, goizean zuhaitz bat kamioi baten gainera erori eta errepidea zenbait orduz itxita egon ondoren.
Erredakzioa
11:04. Ireki dute Kanpazar mendatea, goizean zuhaitz bat kamioi baten gainera erori eta errepidea zenbait orduz itxita egon ondoren.
10:39. Mendateen egoera: Artikutza, Azkarate, Elgeta, Jaizkibel, Karabeita, Leintz Gatzaga (Gipuzkoa), Kanpazar, Sollube (Bizkaia), Altube, Barrerilla, Urduña, Herrera, Zaldiaran (Araba), Irati, Salazar eta Belagua (Nafarroa), itxita.
Arretaz gidatzea eskatzen da eta turismoak ez diren autoek debekatuta dute zirkulatzea: Opakuan, Arlabanen eta Udanan. Beharrezkoa da kateak erabiltzea: Aritxulegi, Erlaitz, Bikotzgane, Gautzegaraigane eta San Miguel.
10:27. Gasteiz erabat zurituta dago, baina duela bi aste gertatu zenaren kontra, gaur ez dago arazorik hiriko garraio publikoetan, izan ere, 300 pertsona baino gehiago ari dira lanean, makinekin gatza botatzen.
10:15. Zirkulazioa oso mantsoa da A-8an Deba parean, bi noranzkoetan, elurra eta izotza daudelako errepidean. Hori dela eta, auto-ilara luzeak daude. Bestalde, goizean goiz izan den auto-istripuan ez omen da inor zauritu.
09:53. Sollubeko mendatea ere itxi behar izan dute elurragatik, eta Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak arreta handiz gidatzeko deia egin die Urkiolatik igarotzeko asmoa dutenei.
09:46. Kanpanzarren erori den zuhaitzak kamioi bat jo du eta errepidea itxi behar izan badute ere, ez da zauriturik izan.
09:25. Jesus Bariain Iruñeko Udaltzaingoaren bozeramaileak azaldu duenez, neguko plana abian jarri dute bart eta gau osoan bota duen elurrak ez du zirkulazio arazorik eragin.
09:20. Euskalmeten iragarpenaren arabera, zeruak lainotuta egongo dira egun osoan eta prezipitazioak izango dira. Elur-maila 100-200 metroan kokatuko da goiz osoan, baina edonon botako du elurra.
09:09. Nafarroan, itxita daude Pirinio inguruetako mendateak: Irati, Salazar eta Belagua. Etxegaraten elurra botatzen ari da, baina makinak lanean daude, eta zirkulazioa geldoa bada ere, mendatea irekita dago.
09:05. Iparraldean, Biarritzeko ordainlekuan istripua izan da Irunera bidean. Horrez gain, Kanpazar mendatea itxita dago zuhaitz bat errepidera erori delako, eta itxita daude, baita ere, Leintz-Gatzaga, Urduña, Bernedo eta Zaldiaran. Trabakuan, Urkiolan eta Deskargan, ordea, makinak lanean ari dira.
08:54. Dagoeneko ireki dute A-8 autobidea istripua izan duten sei autoak errepidetik kendu ostean. Zirkulazioan, ordea, arazo handiak daude.
08:44. Gasteiz, Donostia eta Iruña ere zurituta daude, gauean botatako elurra dela eta. Bilbon hiru zentimetroko geruza pilatu da.
08:25. Zirkulazioa erabat geldirik dago Deban, autoetako gidariak, gogaituta, autotik irteten hasiak dira, Radio Euskadin jakitera eman dutenez.
08:16. A-8a itxi egin dute Itziar (Deba) parean, bi noranzkoetan, sei autok talka egin ostean. Jarraitu trafikoaren egoera.
07:57. Elurra gatzatu egin da, eta Bizkaiko hiriburuko kaleetan izotz geruza eratu da.
07:17. Euritan, elurretan, laino azpian eta izotzarekin gidatzeko aholku batzuk bildu ditugu.
07:04. Errepidera ateratzeko aholkuak: Nola jarri kateak autoko gurpiletan.
06:45. Larunbatetik Euskal Herrian bizi dugun denboralea dela eta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak datorren asteartera arte luzatu du alerta laranja.
06:14. Bilbo eta Euskal Herriko leku asko elurtuta esnatu dira, barnealdean batez ere.