Gizartea -
68 urte zituela
Pepe Sancho aktorea hil da minbiziak jota
Artista igande honetan hil da Onkologia Institutuko Fundazioan, Valentzian.
Erredakzioa
Jose Sancho aktorea igande honetan hil da, 68 urte zituela, minbiziak jota, hainbat senitartekok jakitera eman dutenez. Artista Valentziako Onkologia Institutuko Fundazioan hil da.
Sancho Manises udalerrian jaio zen, Valentzian. Ibilbide profesionala zineman eta telebistan egin zuen. Telebistan hain justu lortu zuen osperik handiena, TVE telebista-kateko 'Curro Jimenez' telesaioan egindako paperari esker ("ikaslea"). Halaber, hainbat saioetan parte hartu du, besteak beste, 'Cuéntame cómo pasó' edo 'Hispania'.
Antzerkian ere eskarmentu luzea zuen. 'La amante inglesa' antzezlanean parte hartzeko asmoa zuen baina, gaixotasunak jota, estreinatzeko hilabete bat geratzen zela, utzi behar izan zuen. Aurretik, urriaren 3tik abenduaren 10era bitartean, Valle Inclanen 'Los cuernos de Don Friolera' obra antzeztu zuen Valentzian.
Halaber, 1998. urtean bigarren gizonezko aktore onenaren Goya saria irabazi zuen 'Carme Trémula' filmean egindako lanagatik.
Maniseseko Udalak doluminak agertu dizkio aktorearen familiari. Valentziako udalerri honetan aktorearen izena daraman antzerki-eskola ari dira eraikitzen.