Gizartea -
Osasuna
GIB birusa zuen ume bat sendatu ei dute AEBetan, historian lehen aldiz
Auzia baieztatuko balitz, umeen artean GIB birusa sendatu egin daitekeela frogatuko luke.
Erredakzioa
AEBetako mediku talde batekgiza immunoeskasiaren birusa (GIB) zuen ume bat sendatu du historian lehen aldiz, The New York Times egunkariak jakinarazi duenez.
Nazioarteko sendagileen komunitateak kasu horretan erabili duten tratamendua beste jaioberri batzuentzat ere baliagarria dela egiaztatuz gero, umeen artean GIBa sendagarria dela frogatuko litzateke.
Haurra 2010. urteko amaieran Mississippiko landa eremu batean jaio zen neskato bat da. Jaio eta 30 ordura, medikuek tratamendu erasotzailea abiatu zuten, medikamentu antirretrobiralak erabiliz. Tratamendu hori aurretik ez da inoiz horrela erabili adin horretako ume batekin.
Umeak bi urte eta erdi ditu gaur egun, eta azken urtea sendagairik hartu gabe izan da. Tarte horretan, ez diote birus aktiborik atzeman, Deborah Persaud auzi horretako ikerketaren arduradun nagusiak azaldu duenez.
Oraindik proba gehiago egin behar dira, tratamendu hau birusa duten gainerako umeei ere ezar dakiekeen egiaztatzeko, baina, ikertzaileen ustez, auziak aldatu egingo du jaioberriak eta amak tratamendua jasotzen duten modua.
Tratamendu horren balioa frogatuz gero, birus hori sendatzen bigarren pertsona, lehen adingabea, izango litzateke.
Lehen kasua "Berlingo pazientea", Timothy Brown, izan zen. GIB birusa zuen, baina, ustez, sendatu egin zen 2007. urtean, hezur-muina transplantatu eta gero.
Egunkariak aipatutako hainbat medikuk zalantzak agertu dituzte Mississippiko neskatoaren kasuaren aurrean, benetan birusa zuen ondo frogatuta ez dagoela argudiatuta, baina, Persaudek azaldu duenez, guztira bost proba egin zizkioten umeari, eta bostek positibo eman zuten.