Gizartea -
Aurrerapausoa
Hiesa dutenen odoletan birusa % 90 murrizteko txertoa aurkitu dute
Txerto berriak gehienez urtebetez bakarrik kontrolatzen du gaitza, baina behin betiko erantzuna aurkitzeko aurrerapauso berria da.
Erredakzioa
Bartzelonako Clinic ospitaleko ikertzaileek hiesa duten pertsonentzako txerto terapeutikoa garatu dute. Txerto horri esker, % 90 egiten du behera birusak, eta, ondorioz, gaixotasuna kontrolatzeko aurrerapausoa da.
Hiesaren erreplikazioa denbora batez kontrolatzeko gai den txerto terapeutiko berri horren eraginkortasuna GIB giza immunoeskasiaren birusak jotako 24 lagunekin probatu dute, eta kasuen % 95en izan da eraginkorra.
Josep Maria Gatell eta Felipe Garcia Bartzelonako Clinic ospitaleko ikertzaileek aurkeztu dute txertoa prentsaurrekoan, eta, bertan azaldu dutenez, tratamendu berriak urtebetez murrizten du birusa, bereziki txertoa jaso eta 14. astetik aurrera.
Beraz, aurkikuntza berriak ez du hiesa erabat sendatzen, baina behin betiko erabateko erantzuna aurkitzeko aurrerapauso berria da. Edonola ere, behin betiko txertoa estrategia ezberdinen batasuna izango dela aurreratu du adituak, eta, beraz, gaur aurkeztutakoaren garrantzi zientifikoaren alde egin du.
Egun, mundu osoan, 30 milioi laguni eragiten dien gaitza da hiesa.