Gizartea -

'Forbes'-en zerrenda

Munduko hirugarren gizonik aberatsena da Amancio Ortega

'Forbes' aldizkariak urtero kaleratzen duen zerrendan, bosgarren postutik hirugarren tokira igo da Inditex etxeko sortzailea.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amancio Ortega, Zara eta Inditex taldeko sortzailea, munduko hirugarren gizonik aberatsena da, Forbes aldizkariaren arabera. 57.000 milioi dolarreko (43.000 milioi euro) dirutza du Amancio Ortegak, eta, aldizkariak urtero kaleratzen duen zerrendan, bosgarren tokitik hirugarrenera igo berri da.

Zerrenda horretako lehen postuan Carlos Slim mexikarra dago aurten ere, 73.000 milioi dolarreko (56.000 milioi euro) dirutzarekin. Bigarren, berriz, Bill Gates geratu da beste behin, 67.000 milioi dolarrekin (51.500 milioi euro).

Hala ere, Amancio Ortega da azken 12 urteotan mundu mailan ondasunak gehien handitu dituen aberatsa, 15.000 milioi euro gehiago jaso baititu azken urtean.

Espainiako emakumerik aberatsena

Rosalia Mera Ortegaren emazte ohi eta Inditexen fundatzaileetako bat Espainiako pertsonen artean bigarren aberatsena da. 6.100 milioi dolar ditu (4.700 milioi euro) eta aldizkariko zerrendan 195.postuan azaltzen da.

Inditexen akzioen gorakadarekin handitu egin ditu bere ondasunak. Enpresaren % 5,1en jabea da eta orain arte Espainiako bigarren aberatsena zenari aurrea hartu dio Merak; Isak Andic Mangoren fundatzaileari hain zuzen (5.000 milioi dolar, 248. postua).

Zerrendan beste 16 espainiar azaltzen dira, mundu osoan 1.000 milioi dolar baino gehiago dituztenen artean. 1.426 lagun daude denera zerrendan, eta Espainiako lagunen artean, besteak beste, Juan Abellon, Daniel Mate, Esther eta Alicia Koplowitz eta Florentino Perez agertzen dira.

Emilio Botin Santander banketxeko presidentea, ordea, iaz zerrendan zegoen, 1.100 milioi dolarrekin, baina aurten ez da horren izena bertan agertzen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea