Gizartea -
Gertakaria
Hil egin da semeak emandako sastadaz Madrilen zauritutako gizona
Gizon batek ustez gurasoak sastatu eta zauritu ditu goizaldean. Biktimak 12 de Octubre ospitalera eraman dituzte, eta emakumea larri dago.
Erredakzioa
Ustez semeak emandako sastadaz Madrilen zauritutako 60 urteko gizonezkoa hil egin da, zauri anitzen ondorioz, 12 de Octubre ospitaleko iturriek jakitera eman dutenez.
Gizon batek gurasoak ustez sastatu eta larri zauritu ditu gaur goizean Madrilgo Ronda de Toledo kaleko etxebizitza batean. Gertakaria 01:00ean izan da, biktimen etxebizitzan.
Samur-Babes Zibileko sorosleak bertaratu dira, eta, eskailburuan, 58 urteko emakumea artatu dute. Traumatismo kraneoentzefalikoa eta, lepoan, arma zuriz egindako bi zauri zituen. Emakumea 12 de Octubre ospitalera eraman dute, larri.
Senarra, 60 urtekoa, toki berera eraman dute, oso larri eta konorterik gabe. Arma zuriz egindako hainbat zauri zituen horrek bularrean, sorbaldan eta aurpegian, eta, horien ondorioz, hil egin da.
Polizia Nazionaleko hainbat agentek babestuta, Samur-Babes Zibileko Psikiatria-unitateak 28 urteko gizonezkoa, senar-emazteen semea, Jimenez Diez Fundaziora eraman du.
Polizia Nazionalak ikerketa abiatu du.