Gizartea -
90.000 arau-hauste
Delituek % 3,26 gora egin dute EAEn, 2012an
2012an ekintza terroristak desagertu zirela goraipatu Segurtasun sailburuak, eta baita ordena publikoaren aurkako arau-hausteak %5,64 jaitsi zirela ere.
Erredakzioa
Ertzaintzak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) erregistratutako arau-hausteen eta hutsegiteen gaineko urteko txostenak % 3,26ko igoera izan du 2012an, aurreko urtearekin alderatuta. Zehazki, hutsegiteak gehiago dira (3,72) arau-hausteak baino (2,84).
Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak eskaini ditu datuok Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Justizia eta Segurtasun Batzordean. Bere esanetan, Euskadiko delitugintza batez beste mila biztanleko 41,34 izan zen iaz, hau da, Espainiakoa baino ia zazpi puntu txikiagoa.
Orotara, iaz 90.653 arau-hauste eta hutsegite salatu ziren, eta aurreko urtean, berriz, 87.789. Eskualdeka aztertuta, ez dago joera homogeneorik: Bizkaian eta Gipuzkoan % 5,64 eta % 2,68 ugaritu ziren, hurrenez hurren, eta Araban % 4,11 gutxitu.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arduradunak 2012. urtean ekintza terroristarik ez dela izan nabarmendu du, eta ordena publikoaren aurkako arau-hausteak %5,64 jaitsi zirela.
"Jakin badakigu egiaz murgildu garela egoera berri batean. Dena dela, ETAk behin betiko desagertu dela berresten duenean, urte luzez Euskadiko herritar-segurtasuneko politikak baldintzatu dituzten parametroak aldatu ahalko dira", adierazi du.
Urteko txostenaren arabera, 2012an 12 hilketa gertatu ziren, aurreko urteko kopuru bera; horietako hamar argitu dira eta biren ikerketa bakarrik dago irekita.
Ondarearen aurkako delituak %5,21 igo ziren, eta horien artean indarkeriaz egindako lapurretak "nabarmen" igo izana azpimarratu du, iaz %32,74 gehiago gertatu baitziren.