Gizartea -
Fronte hotza
Hotz eta elur denboralearen azken astinduak
Ekaitza baretzen hasi dela eta, abisu horia ezarri dute. 09:00ak arte egongo da indarrean.
Erredakzioa
Azken egunetan Euskal Herria astindu duen hotz eta elur denboralea baretzen hasi da.
Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Meteorologia Zuzendaritzak elurra dela eta ezarritako alerta laranja egoera eguerdira arte izan da indarrean. Eguerditik eguna amaitu arte, hain zuzen, abisu horia ezarri dute, 09:00ak arte, elur-kota apurka apurka igotzen doalako, 500-600 metro artean kokatuz.
Hala ere, gauean berriro 400 edo 500 metrora jaitsiko da. Elur-geruza 5-15 zentimetrokoa izango da 1.000 metrotan, eta 600 metrotan bost zentimetro pilatu daitezke.
Ostiralean, hobera
Euskalmeten iragarpenaren arabera, hotz denboralearen amaiera izango da. Tenperaturak gora egingo du eta arratsalderako urdinguneak irekiko dira. Lainopean esnatuko da eguna ipar partean eta oraindik zaparrada batzuk bota ditzake, batez ere Gipuzkoan eta Iparralden eta elur-maila 400-500 m arten kokatuko da.
Arratsalderako denean atertu eta mendebaldeko haizea zeru-gaina txukunduz joango da; hodeitza saretuz eta eguna amaitzerako ostarteak gailenduko dira. Hobekuntza honek tenperaturaren igoera ekarriko du egunean zehar eta beroenak 10 ºC-ko muga gainditu dezakete.
Larunbatean, hego-haizea
Aurreikuspenen arabera, larunbatean, zerua hodeitsu egongo da goizean, eta, egunak aurrera egin ahala, estalia geratuko da. Arratsaldean, hala, euri txikia egingo du, bereziki barnealdean. Hego-mendebaldeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin, eta, kostaldean eta mendi inguruetan, bolada oso gogorrekin. Tenperatura minimoak gutxi igoko dira, baina maximoak nahikoa.