Gizartea -
Epaiketa Sevillan
'Ezinekoa' da Ortega Canok 1,26ko maila eman izana, perituen ustez
Lau perituren hitzetan, benetan zuen alkohol maila 1,26 gramokoa baino askoz handiago zen. Frogak kutsatu izana ezinezkotzat jo dute.
Erredakzioa
Jose Ortega Canoren kontra egunotan Sevillan egiten ari diren epaiketan lau perituk hartu dute parte ostiral honetan, eta, horien hitzetan, akusatuak benetan zuen alkohol maila 1,26 gramokoa baino askoz handiagoa zen. Halaber, frogak kutsatu izana ezinezkotzat jo dute.
Maria Luisa Soria Sanchez Sevillako Toxikologia Institutuko zuzendariaren hitzetan, ''ezinezkoa'' da alkohol tasa hori ''ezpainak cava kopa batekin bustitzeagatik'' eman izana, akusatuak bere garaian deklaratu zuenez.
Toxikologia arduradunak peritu gisa egin du deklarazioa, eta epaiketan azaldu duenez, Ortega Canok ''gogoan hartzeko moduko alkohol kantitatea'' edan behar izan zuen ospitalean ateratako odolaren frogetan 1,26ko maila emateko. Izan ere, fiskalak baieztatu duenez, istripua izan eta hiru ordura atera zioten odol hori, eta toxikologia arduradunak azaldu duenez, ordurako ''alkohola deuseztatzeko prozesua'' abiatuta beharko luke Ortegaren Canoren gorputzak. "Ordu bakoitzean 0,15 galdu ohi da'', gaineratu du.
Frogak kutsatuta
Toxikologia arduradunak azaldu duenez, Guardia Zibilak ''eskuan'' eman zion akusatuaren odolaren lagina, frogak egiteko. ''Lagin horiek normalean ez datoz zigilatuta'', gaineratu du, eta Ortega Canorena ''behar bezala etiketatuta'' zetorrela ziurtatu du. Une hartan ''manipulazio seinalerik'' ikusi ez zuela ere argitu du.
Adituen ustez, zauriak edo odola ateratzeko tokia desinfektatzeko erabilitako alkoholaren maila ''hautemanezina'' da, eta, halaber, hemorragia edo botika batek datuetan eragina izana baztertu dute.