Gizartea -
Karbono monoxidoa
Trapagaranek asteartean agurtuko ditu Palentzian hildako herrikideak
Biktimen gorpuak Trapagaranera eramago dituzte, eta bertan egingo dituzte elizkizunak. Hildakoak 55 urteko ertzain erretiratu bat, horren emaztea eta emakumezkoaren aita dira.
Erredakzioa
Bizkaiko Trapagaran herriak asteartean jasoko ditu Palentziako Carrion de los Condes herrian hildako herrikideak, karbono dioxidoa inhalatu ostean.
Trapagarango (Bizkaia) sendi bereko hiru pertsona hil dira bart Carrion de los Condes herrian (Palentzia, Gaztela eta Leon), etxebizitza batean gasa arnastuta.
Hildakoak 55 urteko ertzain erretiratu bat, horren emaztea eta emakumezkoaren aita dira. Hirurak Trapagarango bizilagunak ziren, eta atzo iritsi ziren Carrion de los Condesera, Aste Santuko oporrak pasatzeko.
Larrialdi zerbitzuek azaldu dutenez, ezbeharra astearte gauean jazo zen, Mirador de la Vega urbanizazioko txalet batean.
22:08an, herritar batek larrialdietara deitu zuen, txalet baten barruan hiru pertsona konorte barik ikusi zituela ohartarazteko.
Karbono dioxidoa
Osasun langileak barruan sartu zirenean, egongelan hiru pertsona eta txakur bat hilik zeudela egiaztatu zuten.
Ondoren, suhiltzaileek karbono monoxidoa atzeman zuten etxearen hainbat tokitan.
Antza denez, gas galdara bat edo egur berogailu bat izan litezke gas isuriaren kausa.
Hildako hiru pertsonak suspertzen saiatu ziren osasun zerbitzuetako hiru langileak (mediku bat, erizain bat eta anbulantziako gidaria) ere toxikatu egin ziren eta Palentziako ospitalera eraman behar izan zituzten.
Alabak deitu zien bizilagunei
Javier Villafruela Carriongo alkateak azaldu duenez, hildako senar-emazteen alabak bizilagunei deitu zien harrituta, eta bizilagunek ikusi zituzten hiru pertsonen gorpuak lurrean.
Bikotea eta emakumearen aita astearte eguerdian iritsi ziren Carrionera, "etxea prestatzeko eta beratzeko, seme-alabak ere joan behar zirelako egun batzuk pasatzera", Vilalfruelak azaldu duenez.
Udalaren omenaldia
Trapagaraneko Udalak hiru biktimak omendu ditu asteazkenean. Hilabeteko ohiko udalbatza egin dute udaletxean. Alkateak, zinegotziek eta herritarrek minutu bateko isilunea gorde dute hildakoak gogorarazteko.
Udalbatza hasi baino lehen, Xabier Cuellar (EAJ) alkateak gertakari tamalgarriak deitoratu ditu.
Biktimen gorpuak Trapagaranera eramago dituzte datozen orduetan. Hileta-elizkizunak Bizkaiko herrian egingo dituzte.