Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Gizon bat atxilotu dute Valentzian bikotekidea ustez hiltzeagatik
Gizonezkoak 33 urteko emakumezkoa hil du goizalde honetan Olivako udalerrian. Bikoteak 8 urteko semea du.
Erredakzioa
Guardia Zibilak gizonezko bat atxilotu du ostegun honetan Oliva udalerrian, Valentzian, bikotekidea hiltzea leporatuta. Atxilotuak 33 emakumezkoa ustez hil du goizalde honetan. Bikoteak 8 urteko semea du.
Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, jazoera gau erdi igarota izan da. Senitarteko batek abisua eman ostean, Udaltzaingoa, Guardia Zibila eta hainbat medikuk osatutako talde bat bertaratu da, baina ezin izan dute emakumezkoa berpiztu.
Bestalde, David Gonzalez Olivako alkateak adierazi duenez, "atsekabetuta" dago, eta "orban sozial" honi gaitzespena erakutsi dio. "Behar beste baliabide inbertitu behar dira horren aurka egiteko", azpimarratu du.
Gainera, Olivako Udalak haga erdian jarri ditu banderak eta bost minutuko isilunea egingo du eguerdian hildakoa omentzeko.
Ez zegoen ustezko hiltzailearen aurkako salaketarik
Hildako emakumeak ez zuen inoiz ustezko hiltzailearen aurkako salaketarik jarri, nahiz eta Udaltzaingoak 2010. urtean bikoteak izandako eztabaida bat erregistratu zuen, Valentziako Justizia Auzitegi Gorenak azaldu duenez.
Iturriek adierazi dutenez, bikoteak "ondorio juridiko gabeko aurrekari bat zeukan". Dena den, "ustezko eztabaida horretan ez zen eraso fisiko zein psikologikorik gertatu", gaineratu dute.