Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Bi lagun atxilotu dituzte Getxon eta Sestaon, genero indarkeriagatik
Atxilotutakoak 28 eta 21 urteko gizonezkoak dira eta euren bikotekide ohiei eraso egiten saiatzeagatik atxilotu dituzte.
Erredakzioa
Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu du Getxon, bikotekide ohiak salatu eta gero. Halaber, bart, beste gizonezko bat atxilotu dute Sestaon, bikotekide ohiarengana ez hurbiltzeko zuen agindua urratzeagatik.
Ostiral arratsaldean, emakume batek bikotekide ohia salatu zuen Getxoko polizia-etxean. Horren arabera, lanetik irteterakoan hainbatetan eraso egiten eta bere kotxearen aurka talka egiten saiatu zen. Gainera, telefono dei ugari egiten zizkiola eta mezu bidez iraindu egiten ziola salatu zuen.
Hori dela eta, agenteak 28 urteko gizonezkoaren etxera joan ziren eta atxilotu egin zuten.
Bestalde, bart, Sestaoko Juan de Garai kaletik abisua jaso du Ertzaintzak, bertan liskar bat zegoela eta. Hara iritsitakoan, bi emakumeren eta gizonezko baten arteko istilu bat zegoela ikusi dute. Ustez, bi emakumeak tabernatik irten dira eta horietako baten bikotekide ohiarekin topo egin dute. Gizonezkoak besotik heldu dio eta joateko eskatu dioten arren, ez zuen alde egiteko asmorik. 21 urteko gizonezkoak emakumearekiko urruntze agindu bat zuen, horregatik, ertzainek atxilotu egin dute.