Gizartea -
Martxora bitartean
016 genero indarkeria kasuetarako zerbitzuak ia 362.000 dei jaso ditu
Egunero, batez beste 180 dei jasotzen dira, eta kasu horietatik % 75etan biktimak berak deitzen du.
Erredakzioa
016 genero indarkeria kasuetarako telefono zerbitzuak 361.912 dei jaso ditu 2007ko irailaren 3an martxan jarri zenetik 2013ko martxora bitartean. Horietatik 8.520 dei, aurtengo lehen bi hilabeteetan jaso dira, Juan Manuel Moreno Gizarte Zerbitzuen eta Berdintasunaren Estatuko idazkariak aurkeztutako datuen arabera.
Ia sei urte hauetan jasotako deien % 75 biktimek eurek egin dituzte; % 22,4, senitarteko batek; eta % 2,6, beste pertsona batek.
2012an dei kopuruak behera egin zuen pixka bat: guztira, 55.810. Horietatik % 0,7 18 urtetik beherakoek egin zituzten, eta % 27,2 31 eta 40 urte arteko emakumeek.
Zerbitzua martxan jarri zenetik, egunero, batez beste 180 dei jasotzen dira. % 6,6 emergentziazkoak izaten dira, hau da, 11,8 egunean. % 23,7 ordea, laguntza juridikoagatik egiten dira.
Doako zerbitzua da 016 telefono zenbakia eta egunean 24 ordutan dago martxan. Telefono fakturan ez da deia agertzen, emakumearen segurtasuna bermatzeko, eta gaztelaniaz, katalanez, galizieraz eta beste 47 hizkuntzatan eskaintzen da, genero indarkerian espezializatutako langileekin.