Itxi

2013/04/13

08:17

Gizartea

Sute handia

Berreraikuntza eta kaltedunak artatzea dira lehentasunak orain Bermeon

Erredakzioa

Guztira, 71 kaltedun utzi ditu suteak; horietatik 19k gutxienez behin betiko galdu dute etxea. Eusko Jaurlaritzak 8 etxebizitza jarri ditu Udalaren esku.

1:28
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Ostiral honetan ke usainarekin esnatu ostean, azken 30 urteotan Bizkaian jazotako sute larrienari aurre egin nahian da Bermeo. Hiru eraikin behera etorri ziren guztiz ostegunean, eta beste bostetan kalte larriak izan ziren. 35 bat familia etxetik kanpo geratu dira, eta 71 kaltedun zenbatu dituzte. Horietatik 19k gutxienez behin betiko galdu dute etxea.

Suhiltzaileak ostiral goiza arte aritu dira lanean, sugarrak berriz suspertzea galarazteko, eta, itzalitzat eman dute sutea. Hondakinak kentzeko lanei ekin diete Bermeon, eta Udalak kaltetutako tokia garbitu eta ''lehenbailehen'' argindarra eta ur zerbitzua abian jartzeko asmoa du.

Ertzaintzaren txakurrek, gainera, hondakinak arakatu dituzte, guztiz baztertu ahal izateko norbait harrapatuta geratu dela. Dena dela, Poliziak ez du desagerpen salaketarik jaso, eta miaketa taldeek hildakorik aurkitu ez dutela baieztatu du Idurre Bideguren Bermeoko alkateak.

Josu Unanue alkateordeak Euskadi Irratian azaldu duenez, Udalak ezohiko saioa deitu du ostiral honetarako, gertatutakoa aztertzeko. Ondoren, jasotako laguntza eskertu du alkateak, prentsaurrekoan.

Bidegurenek Bermeoko herritar, saltoki eta profesional ''askoren'' elkartasuna eskertu nahi izan du, ''eman ahal zuten laguntza eskaintzeko prest agertu direlako''. ''Sinestezina da herriaren inplikazioa. Eskertu beharrekoa da'', gaineratu du. Halaber, erakunde ezberdinen laguntza ere azpimarratu du.

Alde zaharra ''izan zena berriz izatea lortzea'' da Bermeorentzat normaltasunera itzultzea, Bidegurenen hitzetan, baina operazio urbanistikoaren kostua oraindik jakin ez dakitela aitortu du alkateak. ''Denbora beharko dugu'', gaineratu du.

Alkateak emandako datuen arabera, suteak 11 eraikini eragin die, eta horietatik 3 ostegunean etorri ziren erabat behera. Arkitektu talde bat lau eraikinen bizigarritasuna ari da aztertzen, eta beste lauren egoera aztertu dute teknikoek. Eraikin horietako baten egitura zurkaiztu egin behar izango dute, eta beste hiru ''egoera onean'' daude, alkateak emandako datuen arabera.

Bemeoko udaletxeak itxita jarraitzen du, suteak kaltetuta, eta kultur-etxera eraman dituzte udal zerbitzu nagusiak.

Suteak kaltetutakoen aldeko adierazpen instituzionala onartu du ostiral honetan Eusko Legebiltzarrak.

KALTEDUNENTZAKO INFORMAZIOA ETA LAGUNTZA

Iñigo Urkullu lehendakaria Bermeon izan zen ostegun arratsaldean, eta kaltedunei larrialdiko laguntza sozialak emango dizkietela iragarri zuen. Halaber, ostiral arratsaldean, Etxebide programako 8 etxebizitza jarri ditu Bermeoko Udalaren eskura Jaurlaritzak. Berehala erabiltzeko moduan daude etxebizitzak, Jaurlaritzako iturriek azaldu dutenez, eta, ahal duten neurrian, etxebizitza gehiago bideratzen saiatu direla azaldu dute.

Gainera, Bizkaiko Aldundiak etxebizitzak utziko dizkie etxe gabe daudenei, doan eta aldi baterako, baina bertan "luze" egon ahal izan daitezen. Aldundiak azaldu duenez, izapideak bukatzen ari dira, San Martin auzoan 75 etxebizitza zeregin horretara bideratzeko.

Udalak informazio bulego bat ireki du, kaltedunek bertara jo dezaten, eta 688 848 035 eta 688 848 039 telefono zenbakiak jarri dizkie eskura. Aseguru-etxeek ere eurekin lehenbailehen harremanetan jartzeko deia egin dute.

Aseguru gehienek estaldura ematen dute etxebizitza bizitzeko egoki ez den kasuetarako, Javier Fernandez Aseguruen Enpresa Elkarteko (UNESPA) kideak azaldu duenez.

EAEn 854.000 etxebizitzak dute arrisku anitzetarako asegurua, eta horiek suteen aurkako estaldura ematen dute, baina kalte-ordainak ezberdinak dira kasuan kasu. Hori horrela, baliteke aseguru-etxearen laguntzak kalteak konpontzeko nahikoak ez izatea.

SUTEA

Bermeoko sutea ostegun goizaldean piztu zen, 04:00etan hain zuzen ere, hutsik zegoen lau solairuko eraikin batean, Juan Nardiz kalean, eta ondoren beste hainbatetara hedatu zen. Guztira, 20 atari hustu zituzten, lau kaletan (Juan Nardiz, Erremedio, Nekazari eta Intxausti).

Itzaltze lanetan bost pertsona (hiru suhiltzaile, ertzain bat eta udaltzain bat) arin zauritu ziren, baina bertan artatu zituzten, eta ez zituzten ospitalera eraman behar izan.

Sugarrak nola hedatu ziren ikusita, "Alde Zahar osoa kiskaliko zela" uste izan zutela adierazi zuen Idurre Bideguren alkateak, eta bizilagunek "su bolak" ikusi zituztela azaldu zuten.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea:
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;