Gizartea -
Astelehenean
Kaltedunei laguntzen inguruko informazioa helarazten hasiko da Bermeo
Jaurlaritzak laguntzak emateko konpromisoa hartu du; oinarrizko beharretarako kopuru finko bat, eta beste kopuru bat hirigintzako errekuperazio lanetarako.
Erredakzioa
Bermeoko Udala suteko kaltetutakoekin biltzen hasiko da astelehenean, diru-laguntzen eta euren etxebizitzen berritze lanen inguruko informazioa helarazteko.
Juan Maria Aburto Enplegu, Etxebizitza eta Gizarte Politiketako sailburua Bermeon egon da gaur eta Udaleko ordezkariekin (Bildu) batzartu da laguntza horien inguruan hitz egiteko.
Juan Carlos Agirre Bermeoko Zerbitzuen zinegotziak Efe agentziari esandakoaren arabera, oraindik ezin da diru-laguntzen kopurua zehaztu, kalteen inguruko kalkuluak oraindik egiteke daudelako.
Hala ere, Jaurlaritzak diru-laguntza emateko konpromisoa hartu duela azpimarratu du; oinarrizko beharretarako, hala nola arropa eta jakiak erosteko, kopuru finko bat emango dute, eta beste kopuru bat hirigintzako errekuperazio lanetarako.
Laguntza ofiziala horiez gain, Udalak kaltetutakoei laguntzeko bulego bat ireki du, herritarrei seguruekin eta tasazioekin lotutako dokumentazioarekin laguntzeko.
Zinegotziak esan duenez, polizia zientifikoak sua non eta nola sortu zen argitzea falta da; izan ere, horrek lotura du aseguruko primekin.
Dagoeneko, herriko alde zaharreko kaleak ireki dituzte "zero gunea" izan ezik, hau da, sugarren ondorioz erori diren eraikinen gunea.
Hondakinak kentzeko lanak ere amaitu dira eta soilik sua sortu zen tokikoak kentzea falta da. Hori dela eta, inguruko denda eta tabernek euren ateak ireki ahal izango dituzte poliki-poliki "normaltasunera itzultzeko", Agirrek esan duenez.