Gizartea -
Epaiketa
PIP inplanteen sortzailearen kontrako epaiketa hasi da Frantzian
Bost urte arteko kartzela zigorra eskatuko dute bularreko inplante akastunen sortzailearentzat eta enpresako beste lau langilerentzat.
Erredakzioa
PIP inplanteen sortzailearen kontrako epaiketa hasi da asteazken honetan Marseillako Justizia Auzitegian. Bost urte arteko kartzela zigorra eskatuko dute Jean-Claude Mas bularreko inplante akastunen sortzailearentzat eta Poly Implant Prothese (PIP) enpresako beste lau langilerentzat.
1991n sortu zuten PIP enpresa eta 2010ean itxi egin behar izan zuten bularreko inplante akastunen auzia argitara atera ostean. Enpresa horretako inplanteak merkaturatzea debekatu zuten, silikona industriala erabiltzen zutela argudiatuta. Hamaika urtean 300.000 inplante baino gehiago saldu zituen mundu osoan, gehienak Europara eta Latinoamerikara. Frantzian 30.000 emakumek dituzte PIP inplanteak, eta Espainian beste horrenbeste izan daitezke kaltedunak.
Sendagaien Frantziako Agentziaren arabera, PIP bular protesien eskandalua hasi zenetik hainbat iazterketa egin dituzte, eta aztertutako inplanteen laurdenak akastunak ziren. Hala, gehienek pitzaduraren bat zuten, eta kalteak egin zizkieten emakumeei, barruko silikona aterata. Hala ere, ikertzaileek ez dute lortu PIP protesiak minbiziarekin lotzea.
Defentsa abokatuek epaiketa bertan behera uzteko eta auzia beste auzitegi baten uzteko eskatu dute. Le Monde egunkariak argitaratu duenez, gaur bertan elkartuko dira lehen aldiz auzipetuak kaltedunekin.
Maiatzaren 17ra arte luzatuko da epaiketa.