Gizartea -
Kanpaina
Euskal gazteen espermaren kalitatea jaitsi egin dela ohartarazi dute
Quiron klinikak kanpaina bat jarri du abian, kalitate handiko emaileak erakarri ahal izateko. Helburua, kalitatezko esperma bankua osatzea da.
Erredakzioa
Gazteen artean espermaren kalitatea geroz eta eskasagoa dela ohartarazi du Bilboko Quiron klinikak, eta kanpaina bat jarri du abian kalitate handiko esperma emaileak erakartzeko.
"Semenaren kalitatean beherakada nabarmena izan dela egiaztatu dugu azken urteetan, eta hori oinarrizko arazoa da esperma banku batentzat; izan ere, esperma izoztu egiten dugu, eta gero, erabiltzeko izozkailutik ateratzen dugunean, kalitatea galdu egiten du", azaldu du Gorka Barrenetxe Quiron klinikako Ginekologia eta Laguntza-bidezko Ugalketa Unitateko arduradunak.
18 eta 35 urte bitarteko gizonezkoek eman ahal dute esperma, betiere hainbat baldintza betetzen badituzte. 10etik 1ek soilik gainditzen ditu hautaketa probak.
"Mililitroko 70 milioi espermatozoide izatea eskatzen dugu, Munduko Osasun Erakundearen erreferentzia 15 milioikoa bada ere. Ahalik eta haurdunaldi gehien izatea lortu nahi dugu, eta horregatik jarri dugu muga hain goian", adierazi du Carmen Anarte Quiron klinikako andrologia laborategiko arduradunak.
Behin hasierako probak pasatuta, odol analisiak, esperma hazkuntza bat, eta psikologoarekin elkarrizketa bat izango dute hautagaiek. Aukeratuek astean behin eman beharko dute esperma, sei hilabetean, 24 dosi egin arte. Emaileek ezingo dute esperma ematera joan aurreko hiru egunetan ezingo dute esperma isurketarik izan. Trukean, emaileek 50 euro jasoko dituzte saio bakoitzeko.
"Fenotipo ezberdinekin esperma bankua osatzea da helburua: ilehoriak, beltzaranak, altuak, baxuak, begi urdinak, ile lisoak, ile kizkurrak... nahi ditugu", azpimarratu du Carmen Anartek.