Gizartea -

Emakumeen kontrako indarkeria

22 hileko kartzelaldia, emazteari 33 urtez tratu txarrak emateagatik

Epaileak debekatu egin dio 10 urtean emaztearekin harremanetan jartzea eta berarengana gerturatzea, eta 8.500 euroko kalte-ordaina eman beharko dio.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako epaitegi batek urtebete eta 10 hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio Zumarragako bizilagun bati, 33 urtez emazteari tratu txarrak ematea egotzita.

Epaiketan, gertaturikoa onartu zuen akusatuak, eta Fiskaltzak eskatutako zigorrarekin konformatu zen. Halaber, epaileak aringarri gisa onartu zuen gizonezkoa mozkortuta egotea.

Epailearen iritziz, frogatuta gelditu da akusatuak tratu txar fisiko eta psikologikoak eman zizkiola emazteari bikotearen etxean, bi seme bertan zeudela.

Epaian irakur daitekeenez, akusatuak bultzakadak, zaplaztekoak eta ukabilkadak ematen zizkion biktimari. Halaber, salaketarik ez jartzeko, behin baino gehiagotan egin omen zion mehatxu. Kontuak kontu, emakumeak bere erasotzailearekin bizitzen jarraitu zuen, eta inoiz ez zen bere zauriak sendatzera erietxe batera joan.

Kartzela zigorra ezartzeaz gain, epaileak debekatu egin dio 10 urtean emaztearekin harremanetan jartzea eta berarengana gerturatzea, eta 8.500 euroko kalte-ordaina eman beharko dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea