Gizartea -
Alcasser auzia
Anglesen delituak iraungitzat jotzearen kontra agertu da epailea
2009ko abenduaren 14a ezarri du iraungitze data zehazteko abiapuntu, orduan egin baitziren azken izapideak.
Erredakzioa
Alcasser auzia dela-eta Antonio Anglesi leporatutako delituak iraungitzat jotzearen kontra agertu da Alzirako (Valentzia) epaitegiko burua.
Bertako iturriek jakitera eman dutenez, epailearen hitzetan ''ezin da Toñi, Miriam eta Desiree nesken desagerpenaren eta hilketaren inguruko erantzukizun kriminala iraungi izanagatik bukatutzat eman''.
1992ko azaroan desagertu ziren hiru neskak, eta 1993ko urtarrilean aurkitu zituzten hilda. Hilketa horiek dela-eta, atxilotu bakarra egon zen, Miquel Ricart, eta, egun, kartzelan da, 170 urteko espetxe-zigorra betetzen.
Antonio Anglesi, bestalde, hainbat delitu egotzi zizkioten: bahiketa, bortxaketa, hilketa, legez kanpoko lurperatzea eta legez kanpo armak eramatea. Delituen iraungitze data ezartzerako orduan, horietatik larriena hartu ohi da oinarri (kasu honetan hilketa), eta 20 urteren buruan jotzen dira iraungitzat.
Epaileak, baina, 2009ko abenduaren 14a hartu du abiapuntu data gisa (eta ez krimena egin zenekoa), 2009an egin zirelako auziaren inguruko ''azken izapideak''. Idatzian azaldu duenez, 2009an eten zen Angles aurkitzeko asmoz telefonoen eta mezu elektronikoen kontrola.
Epailearen irizpideak aurretik fiskalak kaleratutako idatziarekin bat egin du.
Egun, ihes eginda jarraitzen du Anglesek, eta, urtetan zehar, Latinoamerikan eta Europan bilatu izan dute. Irlandan itota hil zela ere zabaldu zen.