Gizartea -
20 urteko gizon bat hil zen
Espetxera igorri dute Getxoko ustezko hiltzailea
20 urteko gazte bat arma zuriz hil zuten asteburuan, Algortan, eta ustezko erasotzailea, 25 urteko gizonezko bat, atxilotu zuen Poliziak. Getxoko Udalak erasoa izan zen lokala itxi egin du.
Erredakzioa
Espetxera igorri dute Getxon (Bizkaia) 20 urteko gaztearen hilketarekin zerikusia duelakoan atxilotutako 25 urteko gizonezkoa. Ertzaintzak jakitera eman duenez, epaile aurrera eraman dute astelehen honetan, eta hark Basauriko kartzela igortzea erabaki du.
Igande goizaldean, 20 urteko gazte bat hil zen Algortan, arma zuri batez egindako zauriengatik. Liskar batean zauritu zuten gaztea, artazi batzuez. Getxoko Udaltzaingoak 25 urteko gizonezko bat atxilotu zuen, heriotza horrekin lotura zuelakoan.
Bestalde, asteburuko liskarraren ostean, Getxoko Udalak erasoaren lokala ixtea erabaki du, astelehen honetan. Udalak atsekabea agertu du gaztearen heriotza dela-eta, baina ''zoritxarreko gertaera puntual bat'' izan dela azpimarratu du. Hala, udalerrian segurtasunik arazorik ez dagoela argitu nahi izan du Udalak, eta, halaber, ''talde etniko zehatz bat ez estigmatizatzeko'' deia egin du.
Erasoa Algortako Bizkerre kalean izan zen. 06:30ak igarota eta gazte bat arma zuriz zauritu dela jakitean, Getxoko Udaltzaingoa bertaratu zen. Biktima oso larri zegoen, eta hainbat medikuk osatutako talde batek gaztea artatu du, baina ezin izan du berpiztu.
Iturri berdinek jakinarazi dutenez, hildakoa Getxon bizi zen, eta bi gazteak perutarrak ziren.