Gizartea -
Luizia
Getariako 12 familiek ezingo dute etxera itzuli astebetean gutxienez
Udal teknikariek astebete beharko dute gutxienez mendixkaren ikerketa sakonagoa egiteko eta etxebizitzetako kalteak zenbatekoak diren jakiteko ere lauzpabost aste itxaron beharko dute.
Erredakzioa
Getarian izan den luiziaren ondorioz etxetik irten behar izan duten 12 familiak ezin izango dira oraingoz etxera itzuli, eta gutxienez astebete itxaron beharko dute.
Lauzpabost aste beharko dute teknikariek etxebizitzen eta zoruaren egoera sakon aztertzeko.
Bitartean, bizilagunek senide eta lagunen etxean igaro dute bigarren gaua. Gehienek senitartekoen etxeetan hartu dute ostatu baina batzuek alkateak eskainitako hoteletara jo dute. Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere laguntza funts bat duela esan du alkateak.
Sartu-irtena egiten utzi zieten astelehen arratsaldean familiei, beharrezko arropa eta tresnak jasotzeko eta gaur beste ordubete izango dute gauza gehiago hartu ahal izateko.
Getariako Iribarrena kaleko luizia igandean gaueko hamarrak aldera izan zen, eta mendi magalari ia itsatsita dauden 9 eta 11 zenbakietako bizilagunek etxetik atera behar izan zuten. Bestalde, labar azpian dagoen Viveros San Anton enpresak kalte arinak izan ditu atzealdean.
Luizi gehiago izateko arriskurik ote dagoen eta etxebizitzetako kalteak zenbatekoak diren jakin arte, auzokoek itxaron egin beharko dute etxera itzultzeko.