Gizartea -
Gertakizuna
Senar-emazte batzuk hilik topatu dituzte Gasteizen, etxean
Ertzaintzaren hipotesi nagusia gizonezkoak emakumezkoa hil, eta ondoren bere buruaz beste egin duela da. Senar-emazteek egunak zeramatzaten hilda.
Erredakzioa
61 eta 53 urteko senar-emazte batzuk hilik topatu dituzte bart Gasteizen, etxean. Gorpuek indarkeria zantzuak dituzte, eta usteltzen hasiak dira, bikotea duela hainbat egun hil zen seinale, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak baieztatu duenez.
Ikerlariak aipatuta EFE agentziak jakinarazi duenez, hilotzen alboan labana bat topatu dute, eta Ertzaintzaren hipotesi nagusia gertatutakoa krimen matxista izan dela da, hau da, gizonak emakumezkoa hil duela, eta ondoren bere buruaz beste egin duela.
Ezbeharra Lakua-Arriaga auzoko Voluntaria Entrega kaleko etxebizitza batean jazo da.
Gasteizko Udaletik azaldu dutenez, eraikinaren administratzaileak Udaltzaingora deitu du 20:15ean, laugarren solairuko etxebizitza batean "kiratsa" zegoela ohartarazteko. Gainera, postontzia "lepo" zegoen eta arropa "aspalditik" zuten zintzilik.
Hori horrela, Udaltzaingoak senar-emazteen seme batekin hitz egin zuen, eta horrek, giltzarik ez duenez, etxean sartzeko baimena eman die suhiltzaileei. Etxebizitzan barrena egin eta gero, hilotz topatu zituzten, sukaldean.
Epaileak gorpuak Auzitegi Medikuntzako Institutura eramatea agindu du, autopsia egiteko.
Ertzaintzak ikerketa abiatu du, eta epaileak auzia sekretupean jarri du.